Ez da leitzarrik izanen Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 12a, 08:58
Finalean ariko den seikotea, Leitzako kanporaketaren ondotik. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Igande arratsaldean Leitzako Amazabalen jokatutako kanporaketan Iker Vicente nagusitu zen eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegik azken postuak eskuratu zituzten

Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu zen irailaren 11n  Leitzako Amazabal pilotalekuan. Lehen maila osatzen duten 12 aizkolarietatik hamar aritu ziren, Joxe Mari Olasagastik medikuaren agiria aurkeztu baitzuen eta Floren Nazabalek aizkora utzi duelako. Gaur egungo Nafarroako txapelduna eta Euskal Herriko bigarren mailan txapeldun izan ondotik, lehen mailan debutatu duen Otsagiko Iker Vicente izan zen bizkorrena.

 

Otsagikoarekin batera, gaur egungo Euskal Herriko txapelduna den Aitzol Atutxa bizkaitarrak, Mikel Larrañagak, Joseba Otaegik, Juanjo Lopezek eta Ugaitz Mugertzak lortu zuten urriaren 23an Bilbon jokatuko den finalerako txartela. Aldiz, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak finaletik kanpo gelditu ziren, bederatzigarren eta hamargarren gelditu ondotik.

Aizkolariek 54 ontzako bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta 72 ontzako bi enbor moztu zituzten. Iker Vicentek 19 minutu eta 15 segundo behar izan zituen lana burutzeko. Atuxak 19 minutu eta 54 segundotan egin zuen; ondotik sailkatu ziren Mikel Larrañaga gipuzkoarra (20:28), Joseba Otaegi gipuzkoarra (21:42), Lezaungo Juanjo Lopez (21:46) eta Ugaitz Mugertza gipuzkoarra (22:02). Lau segundurengatik finaletik kanpo gelditu zen Iñaki Azurmendi gipuzkoara (22:06) eta hamabi segundurengatik Jon Irazu gipuzkoarra (22:14). Rekondok 23 minutu eta 37 segundo behar izan zituen lana bukatzeko eta Ruben Saralegik 24 minutu eta 22 segundo.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun