erran.eus

Burgos eta Pasaia lotuko dituen Gurdi Bidea Leitzatik ere igaroko da irailaren 14 eta 15ean

  Ondarea  Leitzaldea  Leitza

Idiek tiratutako hiru gurdiek Albaolan eraikitzen ari diren San Juan itsasontzirako bikea eta alkitrana garraiatuko dute, duela zenbait mende egiten zen bezala 

Olazti eta Leitza arteko Nafarroako hogeiren bat herrik egingo diete harrera irailaren 10etik 15era idiek eta mendi-behiek tiratutako hiru gurdik osaturiko ilarari. Bikea eta alkitrana garraiatuko dituzte Burgosetik hasi eta Pasaiaraino, San Juan itsasontzia istinkatzeko. Albaloan ari dira eraikitzen, eta XVI. mendeko baleontziaren erreplika zehatza da.

Burgos eta Pasaia lotuko dituen Gurdi Bidea Leitzatik ere igaroko da irailaren 14 eta 15ean
Gurdi Bidea egitasmoaren aurkezpena. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

18 etapatan dago banatuta ibilbidea (200 kilometro gutxi gorabehera), eta Burgoseko, Errioxako (Foncea), Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako lurrak zeharkatuko ditu Gurdi Bidea ekimeneko segizioak. Abuztuaren 31n hasiko da Burgosen eta Donostia eta Pasaiara iritsiko da irailaren 17an. Nahi duenak har dezake parte ibilbidean.

Usadio zaharrean islatuko du bidaia segizioak, eta duela mende batzuk, Gaztelan artisauki lortutako lehengaiak euskal kostaldeko portuetara garraiatzeak zeukan garrantzi ekonomikoa gogoratuko du. Gainera, kultura eta lurralde ezberdinen arteko harremanak berreskuratzea ahalbidetu du ekimenak, zeharkatzen diren lurretako baliabide turistikoak, kulturalak eta artistikoak nabarmenduz. Hori dela eta, idi-gurdia igarotzean, jolas- eta kultura-jarduerak egingo dira: musika-emanaldiak, ikuskizun folklorikoak, artisau-azokak, etab.

Burgoseko Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreteros eta Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriak sustaturiko proiektua da, DSS2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren barruan. Nafarroako Gobernuak eta Foru Komunitateko beste erakunde publiko eta pribatu batzuk ariko dira lankidetzan.

Zehazki, Turismoaren eta Merkataritzaren Zuzendaritzaren, Sakanako Garapenerako Agentziaren eta Plazaola Partzuergo Turistikoaren babesa jaso du, eta baita Gurbi Bidea ibilbideak zeharkatuko dituen hogeiren bat herritako udalena ere.

Instituzio, enpresa, erakunde, elkarte eta pertsonek ibilbidea dinamizatzeko eta San Juan itsasontziaren erreplika eraikitzeko ekimenean parte hartzea da kulturarteko proiektu sozial honen helburua. Horrez gain, idiak eta mendi-behiak galzorian daudela jakinarazteko ere balioko du ibilbideak (200 ale baino ez dira geratzen).

 

Nafarroako etapak

Goizeko 8ak aldera hasiko dira etapak, eta ibilbidearen edo antolatutako jolas- eta kultura-jardueren (musika-emanaldiak, ikuskizun folklorikoak, artisau-azokak, etab) araberakoa izango da etapen amaiera.

Nafarroan, irailaren 10ean sartuko da segizioa Olaztin eta Altsasun. Hauek izango dira etapak ondorengo egunetan: irailak 11, Altsasu-Uharte Arakil (Urdiain, Iturmendi, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Arruazu); irailak 12, Uharte Arakil-Irurtzun (Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Egiarreta, Etxeberri); irailak 13, Irurtzun-Lekunberri (Latasa, Urriza eta Mugiro); irailak 14, Lekunberri-Erasote-Leitza. Irailaren 15ean, azken herri horretatik aterako da segizioa, Foru Komunitatea atzean utziz, Andoainera bidean.

www.gurdibidea.com webgunean agertzen da Gurdi Bidea ibilbideari buruzko informazioa. Jarduerak, albisteak, etab. sortzen diren neurrian eguneratuko dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa