Nafarroako eta Gipuzkoako osasun-langileek goizuetar eta aranoarren historia klinikoak partekatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 4a, 08:30
Goizuetan berriki egindako koordinazio-bileran izan diren Nafarroako eta Gipuzkoako osasun-langileak.

Pazienteen segurtasuna eta jarraipen medikoa hobetuko dira horrela, Donostia Unibertsitate Ospitalean jasotzen baitute arreta espezializatua

Goizuetako kontsultategian lan egiten duten osasun-arloko langileek Goizueta eta Aranon bizi diren eta Donostia Unibertsitate Ospitalean eta inguruko zentroetan laguntza mediko espezializatua jasotzen dutenen historia klinikoak ikusi ahal izango dituzte aurrerantzean. Modu berean, azken laguntza-zentroetako langileek pazienteen Osasunbideko historia klinikoak ikusi ahal dituzte. 

 

Hala, bi herrietako 688 biztanleren segurtasuna eta jarraipen medikoa hobetuko dira. Izan ere, gertutasuna dela eta, aipatutako zentroetan jasotzen dute espezialisten arreta, Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko osasun-laguntzako lankidetza-hitzarmenari esker. Orain arte, txosten medikoetan jasotako edo pazienteak ekarritako informazioa besterik ez zeukaten Goizuetako osasun-langileek. Baina, hemendik aurrera, historia klinikoan eta izandako kontsultetan gehitutako txosten medikoak eskuratu eta ikusi ahal izango dituzte.

Bi osasun-zerbitzuetako ordezkariek eta arreta ematen duten osasun-langileek bilera egin dute berriki Goizuetan, batak bestearen historia medikoak eskuratzeko protokoloak zehazteko, sarbidea ahalbidetzen duten sistema informatikoak ezagutzeko eta sor litezkeen gorabeherak konpontzeko neurriak ezartzeko.

Zehazki, honako hauek izan ziren bileran: Borja Azaola Nafarroa Iparraldeko Lehen mailako Arretako zuzendariordea; José Javier Etxeberria Goizuetako medikua; Inmaculada Vélez de Mendizabal Goizuetako erizaina; Ana Bustinduy Donostialdea ESIko zuzendaria; Ramón Lertxundi Donostialdea ESIko informazio-sistemen zuzendariordea; Patricia Arbeloa Osasun Alorreko Informazio Sistemen Zerbitzuko teknikaria, eta Agurne Oronoz Goizuetako landa-eremuko laguntzarako erizaina.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun