LeitzEKO Kontsumo Taldearen webgunea aurkeztu dute ekainaren 29an

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 30a, 08:14
Ekainaren 29an egin zuen webgunearen aurkezpena LeitzEKOk.

Taldearen funtzionamendua hobetzeko tresna izatea eta herritarrei lantzen dituzten gaiei buruzko leiho bat irekitzea dira helburu nagusiak

LeitzEKO Kontsumo Taldea 2014ean sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Gizarte arloko hainbat mailatan lan egiten dute eta helburu nagusiak dira elikadura eta energia burujabetzan urratsak ematea, tokiko garapena eta bertako produktu nahiz ekoizpenak sustatzea; ingurumenarekin eta jendartearekin justuagoa izango den kontsumo eredua bultzatzea, azken finean.

Udalaren finantziazioari esker urtero ekintza zehatzak planteatzen dituzte eta horietako bat da ekainaren 29an aurkezten duten webgunea. Urte hasieran iragarri zuten asmoa errealitate egin dute azkenik: LeitzEKO Kontsumo Taldearen webgunea martxan dago dagoeneko.

 

“Webgunea egitera bultzatu gaituzten arrazoiak bi izan dira nagusiki: alde batetik, taldearen funtzionamendua hobetzeko tresna bat izatea, eta bestetik, herritarrei lantzen ditugun gaiei buruzko leiho bat irekitzea”, diote LeitzEKOtik.

Horrela, webguneak hainbat funtzio beteko ditu:

• LeitzEKO Kontsumo Taldearen proiektuen azalpena eskaini herritar guztiei.

• LeitzEKO Kontsumo Taldeak burutzen dituen egitasmo eta jardueren berri eman: urteroko azoka, asteroko saskia, hitzaldiak, etab.

• Elikadura burujabetza, energia-burujabetza, teknologia-burujabetza eta orohar burujabetzarekin lotutako albiste eta materialen bilketa-gunea izan.

• Kontsumo Taldearen barne-antolaketarako plataforma bihurtu: egutegia, hilabeteroko buletinaren bidalketa automatizatu, bazkide egiteko bidea eman, eskaera-eskaintzak...

Tartarkar.eus garraio konpartituaren ataria zabaldu. Ikusi albistea

Webgunearen funtzioak, gainera, aurrerantzean zabaldu egin ahal izanen dira, hau da, oinarrizko funtzio batzuekin irekiko dute webgunea, baina proiektu edo egitasmo berriak martxan jarri ahala webgunea garatzeko aukera izanen da.

Webgune berriaren aurkezpena ekainaren 29an egin zen Aurrera Elkartean. Bertara gonbidatu ziren Kontsumo Taldeko bazkideak eta baita interesa zuen edozein herritar ere. Ekitaldi xume horretan webgunearen helburuak,  helbidea,  atalak eta erabilerari buruzko argibideak eman ziren.

 Aurkezpenaren ondoren hurbildu ziren guztiei mokadutxo bat eskaini zitzaien bertako produktuekin.  Modu horretan, une interesgarri hori nahi izan zuten bazkide eta herritar guztiekin konpartitu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun