Milioi bat euro pasatxoko udal aurrekontua onartu du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 22a, 07:07
Goizuetako udal aurrekontuko diru-sail nagusien banaketa.

Mendi ustiapenagatik diru-sarrerak asko murriztu dira

Ia urte erdia pasata onartu ditu aurrekontuak Udalak, 1.027.966,50 eurokoak, maiatzeko batzarrean. Diru sarrerak murriztu izanak zailtasunak eragin baititu aurrekontua ixteko. Izan ere, udalaren sustengu nagusian jaitsiera nabarmenak izan dute: mendi ustiapenean 300.000 euroko irabaziak izatetik 60.000 eurokoak izatera jaitsi baita aurtengoan.

 

Bestalde, partikularrek aurreko urteetan baino mendi gehiago atera dituztenez, mendi pisten erabileragatik ezarritako zergaren kontzeptupean aurreko urtean 2.000 euroko diru bilketa egitea espero zena, orain, 29.000 eurokoa da. Zerga ez bada igor ere, partikularrek mendi gehiago atera dituztenez, bilketa haundiagoa izatea aurreikusten du Udalak.

Sarreran jaitsiera bai, baina zorrik ez du Udalak eta zenbait urtez aurreztutako dirua ere badu: 1.700.000 euro. Aurrekontuak itxi ahal izateko inbertsio bat aurrekontuan jaso gabe utzi dute (mendi inbertsioetarako 300.000 euro) eta behin behin-betikoz onartuta dagoenean aurrekontu-aldaketa egingo dute, aurreztutako dirutik finantzatuko dena.

Beste inbertsio potoloa plazako zolaketarena da, 318.450 euro. Baina gastutik, 55.450 euro besterik ez ditu jarriko udalak, bestea Nafarroako Gobernuak diruz-lagundua egongo baita.

Egingo den beste inbertsioa Tifanitxoko teilatua eta lau paretak berritzea izango da (67.000 euro) eta herritarren eskakizunei erantzuten dioten inbertsio txikiak ere badaude. Horietako batzuk urte bukaeran egin zen herri ba­tzarrean proposatutakoak: Gimnasioaren konponketa eta bidegorrian hesia jartzea, besteak beste.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun