Siriako errefuxiatuentzako mila kilo material bildu dute Leitzako Amazabal institutuko ikasleek

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 16a, 09:29
Amazabal institutuko DBH1eko ikasleek bildutako materiala Greziarako bidean da.

DBH1eko ikasleek, etorkinen gaia lantzeko ebaluazioaren barnean egindako kanpaina arrakastatsua izan da

Leitzako Amazabal Institutuko DBH1eko ikasleek Leitzako Udala eta Zaporeak proiektuaren laguntzarekin, material bilketa antolatu dute ekainaren 6 eta 11 bitarte Siriako errefuxiatuei laguntzeko helburuz. Azkenean, Tona bat material jarri dute Greziara bidean.

 

Aitziber Lekuona irakasleak aipatu digunez, «ebaluazioan zehar, etorkinei buruzko aurreiritziak landu ditugu, bideo desberdinak eta datuak ikusiz eta elkarren artean asko hitz eginez. Horrekin lotuta, Siriako errefuxiatuen kasua aztertu genuen, eta gerra zergatik sortu zen aztertu».

Eta ikasturteari amaiera emateko, ekintza bat jarri behar zuten martxan ikasleek. Proposamen desberdinak komentatu zituzten, hala nola, skech bat egitea, idatzi bat jendartean zabaltzeko, jendea kontzientziatzeko egoeraz,... eta azken proposamena, material bilketarena izan zen, bozkatuena izan zelarik. Hortaz buru belarri jarri ziren guztiaren antolakuntzan.

Eskutitzak idatzi behar izan zituzten, institutuko zuzendariari, Erleta eskolako zuzendariari, Karrape Irratira joan ziren gure proiektuaren berri ematera, institutuan gelaz gela pasa ziren ikasleei proiektuaren berri emateko, herritik kartelak jarri zituzten, Ttipi-Ttapakoekin telefonoz kontaktuan jarri eta idatzi bat egin.... eta azkenean hasi zen materiala biltzeko eguna.

Institutuko sarreran, kontenedore hori bat jarri zuten ikasleek, bertan materiala utz zezan jendeak. Eta egunero egunero, ikasleak arduratzen ziren almazen txiki batean hustutzeaz eta txukuntzeaz. «Pozik egin duten lana izan da, –dio irakasleak– motibaturik egin dute. Eta larunbatean, plazan elkartu ginen. Jende ugari hurbildu zen bertara, eta ziur ez dakigun arren, material kilo piloa bildu dugu (mila kilo) inguru dela uste dugu). Pardelak, umeentzako esne hautsa eta bodyak, haur eta gaztetxoentzako barruko arropa, higienerako materiala eta janari piloa».

Jendearen parte hartzea handia izan da eta ikasle-irakasleek ez ezik, uste dute Siriako errefuxiatuek ere benetan eskertuko dutela ekintza xume honekin lortutakoa. Gaur Zaporeak proiektukoak etorri dira bildutako materialaren bila eta kargatzen lagundu diete ikasleel. Horren ondotik, Zaporeak taldeak bideratuko du Greziara bidali beharreko materiala.

DBH1eko ikasleen eta institutuaren izenean eskerrak eman nahi dizkiete hurbildu den jende guztiari.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun