Julen Martinez de Estibarizek eta Oihana Kortazarrek irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronkaren IV. Edizioa

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 6a, 15:42
7.200 metroko gainbehera du proba honek eta Erronkaren baitan, Kilometro Bertikala ere igaro behar izan zuten 3.600 metroko gainbehera positiboari aurre eginez.

683 lasterkarik parte-hartu dute, inoizko kopururik altuena, horietatik 40 emakumeak

Erronkari heldu zioten 683 lasterkarien artean, Julen Martinez de Estibariz izan zen gizonezkorik bizkorrena (07:03:23). Emakumezkoetan berriz, Oihana Kortazar izan zen garaile 07:55:02 denborarekin eta aurrez ezarria zegoen errekorra 7 minutu hobetzea lortu zuen. Eskualdeko lehenbiziko lasterkaria, Unai Plaza baztandarra izan zen 07:45:10 denborarekin. Irumugarrietako igoeran, Kilometro Bertikala ere igaro behar izan zuten parte-hartzaileek, 3.600 metroko gainbehera positiboari aurre eginez. Bertan, Carlos Garcia izan zen azkarrena gizonezkoen kategorian eta Oihana Kortazar emakumezkoetan.

 

Behe-laino itxiarekin ez ziren beldurtu erronkari heldu zioten 683 lasterkariak. Goizeko 8etan abiatu ziren Leitzako plazatik, 67 kilometroko ibilbidea osatzeko: Pagozelai, Gaintza, Irumugarrieta, Unagako Putzua,  Putzuzar, Iribaseko iturburua, Lekunberri, Iontza, Idiazabal eta Jaundegiko borda zeharkatuz, berriz ere Leitzara itzultzeko.

Oihana Kortazar eta Jokin Lizeaga ziren lasterketa hasi aurretik faboritoen artean behin eta berriz aipatzen ziren izenak. Helmugan ordea, pronostikoen erdiak bete ziren. Arratsaldeko 15:00ak jo berritan iritsi zen helmugara lehendabiziko lasterkaria, Julen Martinez de Estibariz. Jokin Lizeagak, hasiera hasieratik nagusi izan bazen ere, 55. kilometroan lasterketa utzi beharra izan zuen orkatileko minez. Bigarrena helmugan Iker Karrera, amezketarra,  izan zen, 7:03:38ko denbora eginez eta hirugarren gizonezkoa Ander Barrenetxea, eibartarra, 7:09:04ko denborarekin.

15:55ean iritsi zen Oihana Kortazar helmugara eta berea izan zen garaipena. Emakumezkoen senior kategorian bigarrena Elena Calvillo izan zen 08:36:11ko denborarekin eta hirugarrena Leire Martinez iritsi zen 8:48:33 denbora osatuz.

Beteranoen kategorian Iñaki Catalan helmugaratu zen lehenbizikoa 7:34:04 denbora eginez, bigarren Jose Luis Beraza 7:36:33 eta hirugarren 7:58:17. Kategoria honetan lehenbiziko emakumea Elena Calvillo izan zen 8:36:11ko denbora osatuz. Aurten, Euskal Herria Mendi Erronkarekin batera Euskal Herriko Ultra Txapelketa ere jokatu zen, aldiberean. Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatutakoa izan zen eta garaileak, Mendi Erronka irabazi duten berberak izan ziren, Julen Martinez de Estibariz eta Oihana Kortazar.

Omenaldiak ere bai

Momentu hunkigarriak ere bizi izan ziren lasterketa hasi aurretik. Goizean minutu bateko isilunea egin zuten antolatzaile taldeko hiru kideren familiarteko bana hil berri direlako. Bazen bigarren nobedade bat ere lasterketa abiatu aurretik. Euskal Herriko sokatira selekzioko kideak omendu zituzten, ofizialtasuna izan dutelako aldarrikapen nagusi eta horretan aitzindariak izan direlako eta Euskal Herria mundu mailan ordezkatu dutelako. Garaikur bat eman zieten eta Leitzako Aurrera dantza taldekoek aurreskua dantzatu zieten.

Auzolanaren emaitza

Antolatzaileen esanetan «azpimarratzekoa eta eskertzekoa da egun hauetan lanean aritu diren laguntzaile guztien borondatea, ezinbestekoa izan baita haien parte hartzea guztia behar bezala prestatzeko». 450 boluntariok, bertakoek zein eskualdeko herritarrek, bat egin dute lasterketaren antolakuntzan.

 

 

Erlazionatuak

EH Mendi Erronka 2016

Ttipi-Ttapa 2016 eka 07 Leitzaldea   Leitza

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun