175 korrikalarik bukatu dute Goizutrail mendi lasterketa

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 23a, 13:00
Korrikalariek, ibilbide gogorrari ez ezik, larunbateko bero sargoriari aurre egin behar izan zioten.

Maiatzaren 21ean burutu zen Goizutrail mendi lasterketaren hirugarren edizioa. Iaz bezala, bi ibilbide izan zituzten aukeran, 25 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Luzeena egiten bizkorrenak Lezoko Ander Iñarra eta Uharteko Maider Fraile izan ziren eta laburrean, Hernaniko Xabi Intxauspe eta Ines Arreitunandia.

Sailkapenak

 

Ibilbide luzeko irabazleak, Ander Iñarra lezotarrak nagusitasunez irabazi zuen eta 2 ordu 10 minutu eta 13 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren izan zen Julen Ozaeta durangarrak lau minutu gehiago behar izan zituen (2:14:14) eta hirugarren izan zen Iban Iriondo zumaiarrak hameka minutu pasatxo gehiago (1:21:35). Eskualdeko korrikalariei dagokienez, bi lesakar hamar lehenbizikoetan sartu ziren: Agoitz Altzugarai zazpigarren (2:32:33) eta Xabier Maritxalar zortzigarren (2:35:33).

Emakumezkoetan, Uharteko Maider Frailek 2 ordu, 50 minutu eta 41 segundo behar izan zituen; Tanit Perez de Lezeta donostiarra bigarren izan zen (2:56:14) eta Araitz Irazu hernaniarra hirugarren (2:56:54).

Ibilbide laburrean, Hernaniko Xabi Intxauspek 54 minutu eta 30 segundo behar izan zituen 10 kilometroak osatzeko, Lasarte-Oriako Beñat Los Arcosek 55 minutu eta 36 segundo behar izan zituen eta Lekunberriko Mario Lavinek 57 minutu eta 50 segundo. Bi goizuetar hamar lehenbizikoetan sartu ziren: Xabier Narbarte zortzigarren izan zen (1:04:01) eta Iñaki Etxeberria bederatzigarren (1:05:55). Emakumezkoetan, Hernaniko Ines Arreitunandia izan zen bikorrena (1:14:16), Urnietako Elena Santervas bigarren (1:15:52) eta Urnietako Ainhoa Ziaurritz hirugarren (1:17:03). Ane Zinkunegi goizuetarrak ere parte hartu zuen eta hamabosgarren izan zen (1:24:27).

Eguraldiaren aldetik ikuslegoarentzat primerako giroa izan zuten. Korrikalarientzat aldiz, tenperatura altuegiak eta haize boladek ere ez zuten gehiegi lagundu ibilbideko puntu batzuetan. 120 korrikalarik bukatu zuten ibilbide luzea eta 55 korrikalarik ibilbide motza. 80 bolondres aritu zen lanean ibilbideko puntu desberdinetan.

Herri mailan bezperatik hasita sekulako giroa. Ilunabarrean pintxo pote ordurako kanpotar ugari eta herriko txoko asko furgoneta eta kotxen beteta. Antolatzaileen aldetik oso balorazio positiboa egin dute.

Erlazionatuak

Goizutrail 2016

Felix Loiarte 2016 mai 23 Leitzaldea   Goizueta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun