27. Lilatoia prestatzeko entrenatzeko aukera zabalik Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 9a, 11:34

Astearte eta ostegun arratsaldeko 7etan geldituak dira poligonoaren sarreran

Martxoaren 6an, 27. Lilaton lasterketa eginen da Donostian.  Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Batzordetik adin guztietako emakumeei animatzera eta parte hartzera gonbidatu nahi diete. Horretarako entrenamendu planning-a ere prestatu dute eta elkarrekin entrenatzeko ordutegia zehaztu.

Donostiako lasterketak 5 kilometro ditu. Ongi prestatzeko eta arazorik gabe lasterketa buka­tzeko Leitzan entrenamenduak antolatuko dira, astearte eta ostegunetan 19:00etan poligonoaren hasieran. Taldeka eginen dira. Dena den ordutegiarengatik gaizki etorriz gero, Berdintasun Batzordeak prestatutako taulan agertzen diren gomendioak kontuan hartuz, bakoitzak nahi duen bezala prestatzen ahal du. Hain zuzen, astearte eta ostegunetako entrenamenduez gain, larunbatean ere entrenatzeko eta igandean ateralditxo bat egitea proposatzen dute. Astelehena eta ostirala atseden egunak dira eta asteazkenak ere atseden hartzekoak edo Cross Training egitekoak (bizikleta, igeri, tonifikazioa, pilatesa…).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun