Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuak laguntza teknikoak emango ditu dohainik

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 7a, 14:03

Gaurtik aurrera jarri da martxan zerbitzua. Leitzaldeko biztanleek laguntza teknikoak maileguan erabiltzeko aukera izango dute, betebeharrak errespetatuz eta beharrezko agiriak aurkeztuz.

 

Fundación caja Navarrak 3.300€ko diru laguntza eman dio Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zebitzuari laguntza teknikoak erosteko eta herritarrei maileguan uzteko.

Pertsona ezgaitu batek bere urritasun edo ezgaitasunarengatik erabiltzen duen produktu, tresna, ekipamendu edo sistema tekniko oro da laguntza teknikoa. Bere eguneroko bizitzako autonomia pertsonala hobetzeko erabiliko duena.

Laguntza teknikoa jaso ahal izateko bete beharreko baldintza batzuk daude. Batetik, derrigorrezkoa da Leitza, Goizueta, Areso edo Aranon erroldatua egotea. Bestetik, Gizarte Zerbitzuak bere ezintasun edo mendekotasunaren arabera dagokion errekurtso egokienera orientazioa egina izan behar da. Honez gain, eskaera inprimakia betetzearekin batera, nortasun agiriaren fotokopia, erroldatze ziurtagiria eta ezintasun edo mendekotasun ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Gainera, %33koa baino handiagoko ezintasun gradua edo mendekotasun graduren bat dutenek, lehentasuna izango dute laguntza teknikoak jasotzerako orduan.

Honako laguntza teknikoak eskainiko dira: gurpil aulkia, bainuontziko aulkia, dutxarako aulkia, garabia, taka-taka, makuluak, elefante hankak, oherako buru garbitzailea, aulkirako buru garbitzailea eta pedalierra.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun