Plazaolako natur bidearen etorkizuneko proiektuak jakinarazi ditu berriki Plazaolako Turismo Partzuergoak Fiturren, Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan. Plazaolaren izenean, partzuergoko presidentea eta Leitzako alkateordea den Aitor Etxarrik eta Maitena Ezkutari kudeatzaileak hitz egin zuten.
Plazaolako natur bidearen hasierak aipatzeaz gain, gaur egungo egoera azaldu zuten, hau da, egindako azken zatiari esker nola dauden Mugiro (Lekunberri) eta Andoain (Gipuzkoa) arteko 44 kilometroak; eta Uitziko tunela, 2011n bukatutakoa. 2,7 kilometroko tunel horren ibilbidea egitera ere animatu zuten jendea, «abenturarako aukera ematen duelako eta bidearen gainontzeko zatiekin duen kontrasteagatik: kobazulo bat zeharkatzearen sentsazio berbera da, baina argiekin».
Garatzen ari diren proiektuei dagokienez, Mugiro eta Irurtzun artean dagoen Imozko zatiaren lanak egiten ari dira Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatuta. 9 kilometro horiek egiteko 1,4 milioi euro baino gehiago erabiliko dira.
Nafarroako Gobernuak laguntza ematen badu, 2012an Irurtzun eta Iruñea arteko zatia desjabetzeko espedientea hasteko asmoa ere badute. Partzuergoak (UPS) Udalez gaindiko Plan Sektorialeko tramiteak egin ditu Irurtzun, Iza, Berriobeiti eta Berriozarko udalen laguntzarekin, eta 2010ean onetsi zuten. Iruñeko Udalak alegazio bat aurkeztu zuen haien barrutia ere proiektuan sar dadin. Iruñea eta Donostia batuko lukeen 22 kilometroko proiektua egin ahal izateko lur batzuk behar dira.
Etorkizunera begira, hiru ildo nagusi ezarriak dituzte Plazaolan: Nafarroako beste natur bideekin lotzea –tartean, Bidasoko natur bidearekin–, Gipuzkoako hiriburuarekin lotzea eta, azkenik, Nafarroako natur bideak Europan sustatzea.