Paper metalizatuaren produkzioa %70 areagotuko duen inbertsioa egin du Sarrioapel lantegiak. Lau paper mota egiten dira enpresan: termikoa, kalkoak, distiradun papera eta metalizatua eta azken honetarako makina berria eskuratu du, 4,2 milioi euroko inbertsioa eginez. Makina 2012. urte hasieran jarriko da martxan eta urtean 10.000 tona produzitzetik 17.000 produzitzera pasako da.
LAB sindikatutik adierazi dutenez, krisi garaian, «herriarentzat eta inguruko herrientzat» inbertsio berriak egitea «oso positiboa» da. Leitzako Sarriopapelek gaur egun dituen 460 langile horietatik 330 finkoak dira, eta 100 langile inguru bost urteko errelebo kontratuarekin daude. Leitzan ekoizten diren produktuak 79 herrialdetan komertzializatzen dira, produkzioaren %80 esportaziora bideratzen baita.
Inbertsio berri hauei esker, langileak «pozik eta gustura» daudela esan dute LABetik, «lanpostuak eta etorkizuna» ziurtatzen direlako.