Martxoaren 16an egin zen Plazaolako Natur Bidean Uitziko tunelaren instalazio elektrikoaren inaugurazio ofiziala, Miguel Sanz Nafarroako presidentea, turismo saileko arduradunak, Partzuergoko kideak eta Larraun, Lekunberri eta Leitzako udal ordezkariak eta bertze hainbat agintari bertan zirela. EHNE sindikatua ere elkarretaratzea egiten saiatu zen EHNEk nabarmentzen du Abeltzaintzak tuneletik ateratzeko beharra duela zioen pankartarekin. Agintariei abeltzaintzarik gabe ez dagoela landa garapenik ezta bizitza kalitaterik ere jakinaraztea zen asmoa. Pankarta hedatu bezain laster, ordea, Foru Polizia pankarta kendu eta elkarretaratzea disolbatzen saiatu ziren.
Hori ikusita, Jose Mari Astiz Larraungo eta Xabier Zabalo Leitzako alkateak elkarretatuengana joan eta Foru Poliziaren arduradunekin hitz egiten saiatu ziren, deus ere lortu gabe. Ondorioz, ekitaldi ofizialetik alde egin zuten: «gure jokabide honen arrazoia bat eta bakarra izan da, gure eskualdeko herritarrek eta bereziki kinka larrian, desagertzeko zorian dauden abeltzain eta nekazarien adierazpen askatasunaren alde egitea». Horrez gain, nekazariei eta abeltzainei dei egin diete udaletara hurbil daitezen, «elkarrekin, gure ahalbideen arabera, egoera latz honi irtenbideren bat aurkitzen saiatzeko prestutasun osoa baitugu». Maiatzean eginen den Uitziko tunelaren irekierara ere gonbidatu dituzte.
Uitziko tunela
Proiektuaren barne dagoen Iruña-Irurtzun tartea kenduta, Uitziko tunela izan da Plazaolako bide berdea osatu ahal izateko azken oztopoa, Irurtzun eta Gipuzkoako muga artean. Tunelak 2.680 metro ditu eta argiztapenerako 1.391.908,82 euro inbertitu dira, 835.000 euro Gobernuak emanak.