Araitz-Beteluko seigarren krossa igandean jokatuko da

TTIPI TTAPA 2011ko urt. 20a, 10:18
Kirol Mankomunitatearen logotipo berria. Utzitako argazkia

Logo eta blog berria estreinatu dituen Kirol Mankomunitateak antolatua

Araitz-Beteluko seigarren Herriarteko Krossa eginen da igande honetan, urtarrilaren 23an, Araxes Herri Kirol taldeak eta Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak antolatu dute lasterketa.

Araitz-Beteluko seigarren Herriarteko Krossa eginen da igande honetan, urtarrilaren 23an, Araxes Herri Kirol taldeak eta Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak antolatu dute lasterketa. Krossa, Euskal Herriko kross zirkuituan sartua dago eta kronometrazioa txiparekin eginen da. Seniorren lasterketa 8 kilometrokoa izanen da, Betelu eta Arribe-Atallu lotzen dituen bide zoragarrian. Eguerdiko 12etan abiatuko da lasterketa Betelun, baina izen ematea Internetetik egiten ahal da, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez eta txartela erabiliz (txip horiarekin 7 euro, txip horia gabe 9 euro). Igandean bertan ere egiten ahal da, 10:45ean hasi eta 11:30ak artean, 13 euro ordainduz. Haurren krossa ere eginen da goizago, 10:30ak aldera eta neska-mutikoek ez dute ordaindu beharrik izanen.

Sariei dagokienez, senior mailako gizon eta emakumeek sari berdinak izanen dituzte. Lehenbiziko sailkatuak 180 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 120 eta hirugarrenak 80 euro. Haraneko korrikalariek ere izanen dute bere saria: lehenbizikoak 70 euro, bigarrenak 50 euro eta hirugarrenak 30 euro. Gaur egun, gizonezkoen marka Gontzal Sanzek dauka (24:43) eta emakumezkoena Rakel Llamas-ek (29:32). 40 minutu baino lehen lasterketa akautzen duen haraneko talde bakoitzak axuri eder bat jasoko du eta oparia izanen da lehendabiziko 150 korrikalarientzat.

 

Mankomunitateak logo eta blog berriak

Bertze aldetik, aipatzekoa da Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak logotipo berria estreinatu duela, lerro hauek laguntzen dituen irudia hain zuzen. KirolMank izenera laburtu dute Mankomunitatearen izen luzea eta irudiak mugimendua zein kirola adierazten du. Horretaz gain, Interneten bloga ere estreinatu du Kirol Mankomunitateak helbide honetan: http://kirolmank.blogspot.com.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun