Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo bizilagunek bizikleten zerbitzu publikoa izango dute asteburu honetatik aurrera

TTIPI TTAPA 2010ko ira. 30a, 17:20
Oraingoz 30 bizikleta eskainiko dituzte eta gehienez 4 orduz erabili ahal izanen dira. TTIPI TTAPA

Zerbitzua ezagutzera emateko tailerrak izanen dira ostiral eta larunbatean hiru herriotan

Plazaola Partzuergo Turistikoak Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo Udalen laguntzaz kudeatutako Plazaola(n) bizi zerbitzuaren bidez, bizikleten alokairu sistema publikoa izanen da asteburu honetatik aurrera hiru herri horietan ez ezik, mugakide diren Arakil, Areso, Basaburua, Imotz, Iza eta Larraunen zuzenduta dago. Halaxe jakinarazi dute Plazaolako Lekunberriko geltokian irailaren 30ean eskainitako prentsaurrean.

Plazaola Partzuergo Turistikoak Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo Udalen laguntzaz kudeatutako Plazaola(n) bizi zerbitzuaren bidez, bizikleten alokairu sistema publikoa izanen da asteburu honetatik aurrera hiru herri horietan ez ezik, mugakide diren Arakil, Areso, Basaburua, Imotz, Iza eta Larraunen zuzenduta dago. Halaxe jakinarazi dute Plazaolako Lekunberriko geltokian irailaren 30ean eskainitako prentsaurrean.

Oraingoz 30 bizikleta eskaintzen dituen ekimena aurrera eraman ahal izateko Nafarroako Gobernutik dirulaguntzak jaso ditu Plazaolak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentutik eta Energia Dibertsifikazio eta Aurrezterako Institututik (IDAE), zehazki. Eta honen promozioa egiteko Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide zentroak (CRANA) kudeatutako Added Value proiektuaren bidez, Europako laguntza ere jaso dute.

Bizikletak bi erabiltzaile motei zuzenduta daude: harpidedunei eta noizbehinkako erabiltzaileei. Harpidetzeko, hau da, bizikletak urte osoan maiztasunez erabili ahal izateko 30 euro ordaindu beharko dira; noizean behin bizikletak erabiltzeko, berriz, bere nortasuna baieztatzen duen dokumenturen bat aurkezteaz gainera 0,5 euro ordaindu beharko dira lehenengo orduan, eta euro 1 hurrengoetan (gehienez 4 orduz). Bi kasuetan egin beharreko kudeaketak Leitzako eta Lekunberriko kiroldegietan eta Irurtzungo Plazaola kafetegian kokatuta dauden hiru oinarrietan egin ahal izango dira.

Bizikleten zerbitzu publikoa martxan jartzearen xede nagusia mugikortasun jasangarria bultzatzea da, eguneroko desplazamenduak CO2 isuri gabe, soinurik gabe eta modu azkar eta eraginkor batean egin nahi dituztenei zuzenduz. Era horretan, Plazaola Partzuergoak eta proiektuaren barruan dauden udaletxeek herriotan egiten den autoaren erabilera murrizteaz gain, guztion osasunaren eta espazio publikoaren gozamenaren alde egin nahi izan dute.

Kontutan izan beharra dago, gainera, zonalde honetan Plazaolako Natur Bidea dagoela, bizikletaren erabilerarako baldintza ezin hobeak biltzen dituen plataforma: zola egokia, aldapa leunak eta biztanleriaren zentro nagusien bateratzea. Gainera, bere balioa handitzen duten eta bere ibilbideak aberasten dituzten paisaia erakargarriak ere erakusten ditu.

Ekarritako 30 bizikletak zoru konpaktuetan erabiltzeko prestatuta daude, hala nola, asfaltoa edo zementua, edo lur harroetan ibiltzeko ere, Natur Bidean erabilitako zagorrean edo pistetako lurretan, esaterako; baino ez dira erabilgarriak kirol praktika edo mendiko ibilbideetarako. Zerbitzua egunero eskainiko da eta erabilgarritasuna bermatzeko, gehienez 4 orduz erabili ahal izanen da. Ordu kopuru hori gainditzen duen pertsonak 30 euroko zigorra izateaz gain, hilabete batez ezin izango du zerbitzua erabili.

 

Plazaola(n) Bizi tailerrak asteburuan

Zerbitzuaren erabiltzaile izango diren bizilagunen artean ezagutzera emateko, Plazaolako Partzuergo Turistikoak tailer batzuk prestatu ditu.

Lehenengoa, urriaren 1ean, ostiralean, izango da Leitzako Plazan, arratsaldeko 17:30ean; bigarrena, Lekunberriko geltokian, urriaren 2an, larunbata, goizeko 11:30ean eta azkena Irurtzungo Plazan, egun berean, arratsaldeko 17:30ean.

Horietan, Bide Hezkuntza tailer bat egingo da, horren ondoren paseo bat egingo da bizikletan (horretarako gomendagarria da bakoitzak bere bizikleta, kaskoa eta txalekoa eramatea) eta bukatzeko pintxo bat emango da eta opari banaketa.

 

Eskandinaviako delegazioa Plazaolan

Irailaren 28an, astearte goizeko 09:.00etan iritsi zen Eskandinaviako delegazioa Plazaolako geltokiko atera eraman zuen autobusa. Ordu horretan, eko-mezularitzan aritzen den Oraintxe enpresako langile den Eneko Astigarragak Espainiako zikloturismoari eta garapen ahalmenari buruzko aurkezpena egin zuen.

Beranduago, Partzuergoko kudeatzaileak, Maitena Ezkutarik, Plazaolako Natur Bidea Proiektuari buruzko hitzaldia eman zuen. Suedia, Danimarka eta Norvegiako 29 funtzionariok hartu zuten parte bisitan. Bisitariak landa zonaldeetako turismoa eta zikloturismoa garatzeko Europar proiektu batetan parte hartzen dute eta Plazaolako Partzuergo Turistikoaren esperientzia eta natur bidea ezagutzera etorri ziren eta bizikleten zerbitzu publikoaren lehenengo erabiltzaileak izan ziren.

Behin proiektu guztia azaldu ondoren eta instalazioak ikusteko bisita bat egin eta gero, turismo bulegoa, artisauen denda, bisitarien zentroa eta “Pedalkadak jasangarritasunerantz” erakusketa ibiltaria ikusi eta gosaldu ondotik, Plazaolako Natur bidean ibili ziren, Lekunberritik Uitziko tunelera bitarteko 10 kilometroak. Modu horretan tunelaren obrak ere ikusteko aukera izan zuten. Ondoren Lekunberriko Elosta Jatetxean bazkaldu eta Bikain gaztandegia bisitatzera gerturatu ziren arratsaldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun