Larunbatean jokatu zituen bi finalak irabazi zituen Anartz Olano aresoarrak

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 4a, 10:16
Anartz Olanok bi txapel gehiago jantzi ditu larunbat honetan. TTIPI TTAPA

Jon Lezea leitzarra eta Iker Salaberria goizuetarra ere txapeldun izan ziren Irurtzunen

Aurrera pilota elkarteko Anartz Olano aresoarrak bi hitzordu garrantzitsu zituen larunbatean eta bietan txapela lortu zuen.

Larunbat goizean, Irurtzungo txapelketaren finala jokatu zuen kadete mailan, eta Tolosarekin batera, 22 eta 16 irabazi zien Karlosena eta Anduezari.

Arratsaldean, berriz, Bizkaiako Matiena txapelketako finala jokati zuen, oraingoan Artolarekin bikote eginez eta 22 eta 10 irabazi zien Sarasti eta Imaz-i.

 

Ez da asteburu honetan Leitzaldeko pilotariek lortu dituzten txapel bakarrak. Irurtzungo txapelketan, baina alebin mailan, Aurrerako Jon Lezeak eta Errekan ari den Iker Salaberria goizuetarrak 18 eta 14 irabazi baitzieten Garcia eta Mariezkurrenari.

Añorgako txapelketan ere emaitza onak lortu zituzten Aurrerako pilotariek. Kadete mailan, Xabi Jaunarenak eta Mikel Hernandorenak 18 eta 15 irabazi zieten Mina eta Apeztegiari eta infantil mailan, Xabi Zubiriak eta Ander Gartziarenak 18 eta 1 irabazi zuten.

 

Leitzarra eta aresoarraren arteko partida Almerian

Federazio arteko txapelketan, Almeriaraino joan behar izan zuten larunbatean Leitzaldeko bi pilotariren arteko buruz buruko norgehiagoka ikusteko. Izan ere, Andalucia ordezkatzen duen Unai Onsalo aresoarra eta Nafarroako ordezkari den Jon Jaunarena leitzarra izan baitziren aurrez aurre. Leitzako nafarra 22 eta 14 nagusitu zitzaion Aresoko andaluziarrari.

 

Lizarrako txapelketan, benjamin mailan, 8 eta 18 galdu zuten Aurrerako Goikoetxeak eta Hernandorenak eta Nafarroako Kirol Jolasetan ere, hirugarren mailako infantiletan, 14 eta 18 galdu zuten Aurrerako Julen Goikoetxeak eta Mikel Erasok Errekako bikotearen kontra.

 

Iruritako emakumeen paleta goma txapelketan, Iera Agirrek eta Saio Aristorenak 30 eta 24 irabazi zieten Judith eta Maiteri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun