Satur Eleta V. Musika lehiaketa burutu zen larunbatean Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2010ko api. 21a, 12:57
Satur Eleta musika lehiaketan larunbatean saridun suertatu ziren leitzarrak. Joseba URROTZ

Aralar Musika Eskolako ikasleen artean, leitzar asko nagusitu zen kategoria ezberdinetan

Larraun, Araitz-Betelu, Leitzaldea, Ultzama eta Basaburuako ikasleak hartzen dituen Aralar Udal Musika Eskolak antolatutako Satur Eleta V. Musika Lehiaketako finalak jokatu ziren apirilaren 18an. Musika eskolako 36 ikasle lehiatu ziren, zortzi kategoriatan banatuak.

8-9 urteko bakarlarietan, Leitzako Lorea Basterretxea pianojolea izan zen irabazle, Beteluko Markel Iriarte bateriajolea bigarren eta Eltzaburuko Maialen Narvaez saxofoijolea hirugarren.

10-12 urteko bakarlarietan Leitzako Leire Erbiti pianojoleak irabazi zuen; bigarren saria ere Leitzara joan zen, Beñat Altzelai saxofoijoleak eraman baitzuen eta hirugarren saria Beteluko Myrian Iriarterentzat izan zen.

13-15 urteko bakarlarietan ere leitzarra izan zen garaile, gitarra elektrikoa jo zuen Mikel Sagastibeltza hain zuzen.

16 urtetik gorako bakarlarietan, Gaintzako Beñat Pellejero akordeoilaria nagusitu zen, Leitzako Lorea Zabaleta txistulariaren eta Azkarateko Irati Jauregi trikitilariaren aurretik.

Bikoteka, 8-11 urtekoen saria hutsean gelditu zen. Bigarren saria Leitzako Patxi Claudio eta Leire Erbitirentzat izan zen, zeharkako xirularekin eta pianoarekin Oskorriren “Euskal Herrian euskaraz” jo ondotik. Eltsoko Ainhoa Larraintzarrek eta Gorronz-Olanoko Naiara Iraizozek lortu zuten hirugarren saria.

12 urtetik gorako  bikoteetam, Atalluko Gorka Otermin eta Beteluko Nerea Sotil gailendu ziren, Lekunberriko Maddi Soroa eta Xanti Saigosen aurretik.

8-11 urteko hirukotetan, Eltsoko Ainara Hualde, Lizasoko Ixiar Braco eta Eltzaburuko Saioa Erro izan ziren irabazle.

12 urtetik gorako hirukoteetan, lehenbiziko saria Intzako Ana Belen Arraras, Azkarateko Irati Jauregik eta Errazkingo Jaione Azpirozek eskuratu zuten; bigarren saria hutsean gelditu zen eta hirugarrena Gaintzako Lierni Pellejerok eta Beteluko Maddi Sotil eta Saioa Amundaraink eskuratu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun