6.000 bizilagunen hondakinak kudeatuko ditu Mendialdea Mankomunitateak

TTIPI TTAPA 2010ko api. 6a, 12:59
Horrelako irudirik ez errepikatzea da Mankomunitate berriaren xedea. TTIPI TTAPA

Arano, Areso, Goizueta, Leitza, Larraun eta Lekunberrin bilketa sistema berria ezarriko da apirilaren 19tik aurrera

Arano, Areso, Goizueta, Leitza, Larraun eta Lekunberriko hondakinak kudeatuko dituen Mendialdea Mankomunitatea apirilaren 19an hasiko da lanean.  Xabier Zabalo Leitzako alkatea izanen da Mankomunitateko lehendakari eta zenbait berrikuntza ekarriko ditu. Hasteko, plastikozko enbaseak birziklatzeko aukera izanen dute orain mankomunitatearen baitan izanen diren 6.000 bizilagunek. Orain arte, beira eta papera eta kartoia bakarrik bereizten ziren zaborretatik. Zaborrontzi kopurua murriztu eginen da, 500etik 300era, baina bilketa puntu bakoitzean lau edukiontzi izanen dira, zaborrendako, plastikoendako horiak, paper eta kartoiarendako urdinak eta beirarenak. Gainera, Leitza, Goizueta eta Lekunberrin, Puntu Garbia izeneko guneak jarriko dira herritarrek pilak, olioa, lixiba, termometroak eta gisako hondakin bereziak utzi ahal izateko.

 

Tasak

Hondakin bilketarako zerbitzu berria martxan jartzeak, ordainketan ere eragina izanen du, urtean bi tasa ordainduko baitira hemendik aurrera. Lehenbizikoa, zabor bilketa kontzeptuan, etxebizitza bakoitzeko hiruhilabetero 21 eurokoa izanen da (10,54 baserrien kasuan) eta bigarrena, lau hilabetero 9,54 eurokoa, Nafarroako Hondakin Kontsortzioak kobratuko du, hondakinak Arbizuko Trasnferentzia plantan tratatzeagatik.

Zaborra astean lau aldiz bilduko dela kontuan hartuz, Leitzako kasuan esaterako, orain arteko zerbitzuaren bikoitza eskainiko da. Zaborrontzi berdeak astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan bilduko dira, urdinak asteazkenetan eta horiak, larunbatetan.

Arestian aipatu bezala, Aranok eta Goizuetak bat egin ondotik, 6.000 bizilagunei eskainiko zaie zerbitzu berria. Horretarako, bi kamioi erosi behar izan dira eta horrek 340.000 euroko gastua eragin du, nahiz eta %70 Nafarroako Gobernuak ordaindu. Leitzan pabilioi bat ere prestatu da. Modu beream, zaborra Arbizura eramanen duten lau kamioi gidari kontratatu dira, baita Leitzako udaletxeko bigarren solairuan jarri den herritarrendako arretarako bulegorako langilea ere. Amaia Sagastibeltza leitzarra izanen da bulego horretan astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan.

Egunotan, zerbitzu hauen berri emanez informazio kanpaina eginen du Mendialdea Mankomunitateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun