Lekunberriko XXII. Legoa lasterketa eginen da igande eguerdian

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 18a, 13:14
Korrikalari ugari biltzen ditu Lekunberriko Legoak. TTIPI TTAPA

Korrikalari guziek oparia izanen dute eta markak hobetuz gero, 180 euroko saria

Martxoaren 21ean, igandean 12:00etan XXII. Lekunberriko Legoa, Memorial Txikito de Arruitz lasterketa eginen da, Araitz-Areso-Betelu-Lekunberri-Larraun Kirol Mankomunitateak antolatuta, Elostalde korrikalari taldearen laguntzarekin. Guztira 6.040 metro dituen lasterketa honetan 16 urtez goitiko edonork parte hartu dezake. Lekunberritik atea eta Azpirotzera joanen dira korrikalariak, Ciatarren etxean buelta eman eta berriz ere Lekunberrira bueltatzeko, lasterketa gogor bezain interesgarrian. Aurtengo berritasuna txiparen bitartez kronometrazioa izanen da.  Korrikalari guziek oparia izanen dute eta 13:00etan hamaiketakoa Gau-Txori elkartean.  Sariei dagokienez, lehen sailkatuak 180 euro eskuratuko ditu, 120 euro bigarrenak eta 80 euro hirugarrenak.  Hamargarren postura bitarte sariak izanen dira, gizonezko nahiz emakumeentzako, beti ere 22 minutu azpitik bukatzen badute gizasemeek eta 27 minutu azpitik emakumeek.

Horrez gain, norbaitek errekor berria ezarriko balu, 180 euro gehiago eskuratuko lituzke. Andres Perezek egin zuen gizonezkoen marka 1998an (17 minutu eta 31 segundu) eta Rosi Talaverak emakumezkoena 1997an (21 minutu eta 20 segundu).  Mankomunitateko herrietako gizon eta emakumeen artean lehen hamar sailkatuek ere sari bereziak izanen dituzte, beti ere 30 minutu baino gutxiagoan bukatzen badute proba. Axuria ere izanen da 30 minutu azpitik bukatzen duen haraneko talde bakoitzarentzat.

Izen ematea www.herrikrossa.com webgunean egiten ahal da 7 euroan eta irteera lekuan, igandeko 10:30etik 11:30era, 10 euroren truke.

Helduen lasterketarekin batera, umeen krossa ere eginen da hamargarren urtez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun