Bi mediku boluntariok beteko dute Goizueta eta Aranoko larrialdietako zerbitzuaren hutsunea

ttipi-ttapa 2009ko urr. 8a, 16:36
Fermin ETXEKOLONEA

2008ko uztailetik bi herri horietako larrialdietako kasuak Leitzan artatzen dira

Goizuetan eta Aranon 15 hilabete daramatzate larrialdietako mediku zerbitzurik gabe. Geroztik urgen­tzia­ kasuak Leitzan artatzen dira, Goi­zue­tatik 20 kilometrora eta Ara­notik 33ra. Zerbitzua lehengora buel­ta­tze­ko ahaleginean ibili dira hasieratik, baina azken aldiko bi gertakarik eztabaida areagotu dute. Dena den, badirudi egoera hobetzear dela, bi mediku boluntariok euren burua eskaini baitute larrialdietarako.

«Amari bihotzekoak eman zion sukaldean afaria prestatzen ari zela, eta berehala hil zen. Gure kasuan ez zen anbulantzia berandu iritsi zelako hil, baina abisua eman genuenetik anbulantzia etorri zenerako ordubete inguru pasa zen, eta medikua etortzerako ordu bat eta laurden». Horrela kontatu digu Ana Urdanpilleta aranoarrak. Irailaren 17an Juana Agirre ama hil zitzaion, eta momentuan hil zelako «ezer egiterik ez bazegoen ere», mediku zerbitzuaren atzerapenak zer pentsatua eman du.
Eta hiru egun barru beste ezbehar larria Goizuetan. «Plazan geundela gizon batek pisu batean leherketa baten soinua entzun zuela esan zigun. Bi boluntario harat inguratu ginen eta etxetik ke asko ateratzen zela ikusi genuen. Etxeko gizona balkoira atera zen eta erreta zegoen, aurpegia eta eskuak guztiz erreak zituen». Jabier Apezetxea Goizuetako suhiltzaile boluntarioaren hitzak dira. Gas leherketa batek 86 urteko Este­ban Loiarte goizuetarra zauritu zuen irailaren 20an eta Jabier izan zen, bere lagunekin batera, Esteban artatu zutenetako bat. Kasu honetan, an­bu­­lan­tzia medikalizatuak or­dubete baino gehiago behar izan zuen Donostiatik Goizuetara aile­gatzeko. Bitartean herri­ko anbulantzia taldeak eta su­hil­tzaile boluntarioek artatu zuten, 112tik telefo­no bidez mediku batek ematen zituen gomendioei kasu eginez. «Ezin genuen herri­tik atera, anbulantzia medi­ka­lizatua eskatua zelako», aipatu du Ape­ze­txeak. Zainketa In­te­tsi­boe­tako Unitatean egon da bi astez Es­teban, baina zorionez, atera da eta hobeki dago.

Zalaparta haundia
Oihartzun haundia izan dute bi gertaera hauek eta aldi berean, Leitzaldeko larrialdietako zerbitzuaren funtzionamendua ere zalantzan paratu dute. Leitza, Areso, Arano eta Goizueta guardiako mediku baka­rrarekin daude joan den urteko uztailaz geroztik. Medikuak kontratatzeko arazoak zituztela esanez, Goizuetako larrialdietako zerbitzua kendu egin zuen Osasunbi­deak eta lau herrietako larrialdi zerbitzuak elkartu, eta ordutik honat, aranoarrek eta goizuetarrek goizeko ordutegitik –08:00etatik 15:00etara– kanpo larrialdiren bat baldin badute, Leitzara jo behar dute. Jakina da, ordea, herri batetik besterako bidea ez dela ba­­tera ona, kilometro eta bihurgune asko baitaude. Hortaz, sarritan, 112ra deitu aurretik, autoa hartu eta Donostiara joatea erabakitzen dute: «112ra deitu eta anbulantzia Goizuetara ailegatzerako gutxienez 40 minutu behar dira, eta tarte horretan gu Donostian gaude», dio Jabier Apezetxeak. Gaine­ra, «behin baino gehiagotan tokatu da, Leitzara joan eta handik Donostiara bidaltzea».

Apirilean abisatuak
Bi kasu hauek hautsak harrotu dituzte, baina Leitzako Osasun Zen­troko medikuek aspalditik zuten halako zerbait gertatzeko beldurra. Hala, apirilean eskutitz bat bidali zioten Osasunbideari. «Arduratuak geunden egoera honekin. Ez dago medikurik eta bi larrialdi aldi berean gertatuz gero, herri batetik bestera dagoen distantzia ikusita, arriskutsua izan zitekeela ohartarazi genion», azaldu digu Begoña Martinez Aguado Leitzako medikuak. Arazoari konponbidea ematen behin eta berriz saiatu direla ere nabarmendu digu, baina alferrik. «Hasieran medikurik ez zegoela esaten zuten, eta Goizuetako larrialdietako zerbitzua kentzea urgentziako neurria izan zela. Baina martxoan SUReko –landa eremuko larrialdietako zerbitzua– medikuak hasi ziren lanean eta hiru mediku eta erdi etorri ziren Leitzara larrialdi zerbitzuez arduratzeko. Baina Goizueta­ko zerbitzua hutsik gelditu zen», dio Martinez Aguadok.
 Osasunbideak bi kasu hauek ikertzeko abiatu duen barne ikerketaz ere mintzatu zaigu Leitzako medikua: «baliabi­deak zergatik ez ziren erabili leporatu digu eta aspertuta gaude. Helipuertoa zergatik ez zen erabili galdetu dute, baina ez dago eguneko 24 ordutan erabiltzerik. Gainera larrialdi kasu batzuk ez dute medio haun­­­diegirik behar, medikua han egotea bakar-bakarrik nahikoa da». Bide beretik jo du Mieljoxe Lekuona Goizuetako alkateak ere: «Helipuertoa egin genuen %100ean Udalak ordainduta, baina ezin da erabili sendagile­rik ez badago, honek agin­durik ematen ez badu».

‘Leitzan eta Goizuetan guardian dagoenak zergatik kobratu  behar du desberdin?’
Galdera horixe bota du airera Mieljoxe Lekuonak. Horrela baita. Izan ere, Leitzan eta Nafarroako beste tokietan edo Goizuetan eskaintzen diren baldintzak ez dira berdinak. «Goizuetan txarragoak dira», dio Martinez Aguadok. «Soldata normal bat lortzeko ordu asko sartu behar dira Goizuetan. Leitzan eta Nafarroa osoan, aldiz, soldata berdina lortzeko ordu gutxiago egitea nahikoa da». Hortaz, Lekuonak dioen bezala, «sendagileen­tzat ez da motibagarria Goizuetara etortzea».
Osasunbideak estatistikei begiratzen diela uste du Goizuetak alkateak: «hemen ez dira larrialdi kasu asko izaten eta horren arabera funtzionatzen dute. Hau Iruñean gertatu izan balitz, edozein kontsulta edo anbulatoriotan, seguru irtenbidea aurkitua izanen zutela. Baina kontua zer da estatistikak igotzea? Prebentiboa izan beharrean, sendagilearengana joan dadila?». Bide beretik, zera adierazi digu Iñigo Larrea Aranoko alkateak: «hiriko edozein medikuk beharbada gaixo gehiago edukiko ditu, baina gure ingurua nolakoa den kontuan hartu behar da. 1.000 lagun inguru biziko gara bi herrietan, baina oso sakabanatuak gaude».

Bilera asko, baina erantzunik ez
Panorama, beraz, beltza. Alkateak arazoa­ri irtenbidea emateko behin eta berriz saiatu dira: «lauzpabost bilera egin ditugu inguruko sendagileekin eta Osasunbidearekin, baina sendagilerik ez zegoela esan digute behin eta berriz, beste motiborik ez zegoela». Larrialdietako zerbitzua lehengora bueltatzeko eskatuz sinadurak ere bildu zituzten Goizuetan, 512 guztira –herritarren %64–. «Kexa horiek zuzendaritzara bidali ziren, baina ez dugu erantzunik jaso», dio Lekuonak.

 

 

Larrialdietako zerbitzuak goizuetan eta aranon

Itxaropena boluntarioekin 

Badirudi arazoak hobera egin dezakeela urria bukatu baino lehen. Edo hori espe­ro dute behinik behin. Osakidetzako medikuren batek bere burua proposatu du Goizuetan astelehenetik ostiralerako larrialdi kasuez arduratzeko, eta ongi etorria izan da. Osakidetza eta Osasunbidea akordio baten bila dabiltza, eta alkateek hilabete honetan lanean hastea espero dute.
Asteburuetako zerbitzua estaltzeko, berriz, Hernanin lan egiten duen Goizuetako Joxe Jabier Etxeberria medikuak bere burua eskaini du. «Lehen ere askotan apurutik atera gaitu», aipatu du Lekuonak. Bi mediku hauen borondatea «eskertzekoa» da Goizuetako alkatearentzat, baina «guk postu finkoa nahi dugu. Zer gertatuko da bi hauek zerbitzua eskaini ezin duten egunean?».
Lehenbailehen martxan paratzea nahi dute aranoarrek eta goizuetarrek. Aranoarren kasuan, 13 kilometrora edukiko lukete larrialdietako zerbitzua, eta «medikuak etortzerako ordu erdia beharko luke; ez da ordubete, behintzat», adierazi du Larreak. Edozein modutan, zerbitzuaren beharra agerikoa da, bestela, horrelako kasuak «noiznahi» errepika daitezkeelako. Hortan bat datoz elkarrizketatutako guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun