Leitzako estazioan eta Uitziko tunelean moldaketa lanak eginen dituzte

Utzitako argazkiak 2008ko urr. 8a, 15:10
Nafarroako Gobernuko eta Plazaola Partzuergoko ordezkariak, Uitziko tunelean. TTIPI TTAPA

Plazaolako Bide Berdeko lanak eta proiektuak aztertu zituzten asteartean

Plazaolako trenbidearen inguruan Leitzan eta Uitzin egiten ari diren lanak eta proiektuak bisitatu zituen asteartean, urriaren 7an, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpasek. Berekin batera, Turismo Saileko zuzendari nagusia, Produktu Turistikoen Antolaketa eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria, Plazaola Konsortzioko presidente eta gerentea eta Leitzako alkatea izan dira.

Leitzako estazioa

Zehazki, Leitzan Plazaolako trenbaren estazioa bixitatu du. Izan ere, abudo eraikinaren egitura sendotzeko lanak hasiko dira, forja-egitura eta teilatua berrituko dira eta urik ez sartzeko hutsune eta zulo guziak zurez estaliko dira. Lanaren aurrekontua 255.273 eurokoa da eta obra aurten bukatuko omen da.

Uitziko tunela

Uitziko tunela berreskuratzeko proiektuak, bere aldetik, 1.391.908 euroko aurrekontua dauka eta Nafarroako Gobernuak 835.145 euroko dirulaguntza eman dio, hiru urtetan banatua. 501.087 euro aurten, 2008an emanen dira; 167.029 euro 2009an eta bertze 167.029 euro 2010ean. Lanak abudo hasiko dira, berriz ere Uitziko tuneletik joan-etorrian ibiltzeko aukera eskaintzeko helburuarekin. 2.610 metroko luzera dauka tunel honek eta joan-etorrirako berreskuratuta, jarraipena emanen zaio Plazaolako Bide Berdeari. Zola berritu eta argiak jartzeaz gain, tunela sendotuko da, telegrafo-posteak kenduko dira eta tunel barnean larrialdi deiak egiteko sistemaren bat ezartzea aztertuko da. Lanak 2010eko apirilerako bukatzea espero da.

43 kilometroko bide berdea

Plazaolako Bide Berdeak 43 kilometro ditu, horietatik 21 Nafarroan. Hain zuzen, Uitziko tunela izan ezik, beste ibilbide guziak osatzen ahal da oinez, bizikletaz edo zaldiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun