Abuztu eta irailerako hainbat ekitaldi antolatu ditu Plazaola Partzuergo Turistikoak

Aitor AROTZENA 2008ko uzt. 31a, 17:35

Aitzinako Merkatua izanen dute abuztuan Lekunberrin eta Taloaren eta Zaldiaren Eguna Leitzan irailean

Plazaola Partzuergo Turistikoak eta eskualdeko hainbat udaletxeen elkarlanaren ondorioz ekimen ezberdinak jarriko dira abian datozen hilabeteetan. Ekimen hauek gure kultura, ohitura, hizkuntza, kirola, natura… bertakoei eta kanpotik gerturatzen direnei ezagutzera ematea dute helburu.

Aintzinako Merkatua Lekunberrin

Ekitaldiei dagokienez, Lekunberrin, abuztuaren 10an Aintzinako Merkatua izanen dute. Erdi aroan girotutako festa hau ospatzen da, biztanle guztien partaidetzarekin. izan ere, heroi historikoak, erregeak, epaiak eta printzesak bihurtzen dira guztiak. Orain dela urte asko eskulangileek egiten zituzten produktu desberdinen merkatua ere egongo da.

Taloaren Eguna irailaren 7an Leitzan

Irailaren 7an Taloaren Eguna ospatuko dute Leitzan. Honela, artoaren eta gazta, txistorra edo txokolatearen zaporea gozatuko dute, haur tailerrak egongo dira taloa bertan prestatzen ikasteko, taloarekin egindako plateren erakusketa, Herri Kirola, Plazaolako Artisauen merkatua eta beste zenbait ekitaldi.

…eta Zaldiarena irailaren 13an

Leitzatik mugitu gabe, Zaldiaren Eguna ospatuko dute irailaren 13ean. Mendi-ibilbideak egiteko prestaturik dauden 60 zaldi bilduko dira, zaldi-heziera mota desberdinen erakustaldia eskaintzeko. Gainera herrian zehar gurdiz ibiltzeko aukera ere egonen da. Zaldiaren Eguna ekainean egitekoa zen, baina garraiolarien grebaren eta euriaren ondorioz atzeratu egin zen.

Mendi txirrindula martxa eta Maratoi Erdia irailaren 21ean Lekunberrin

Plazaolako Turismo Partzuergoak hilabete hauetarako antolatuak dituen ekitaldiekin bukatzeko, Plazaokatik barna mendi txirrindulaz seigarren martxa eta III Maratoi Erdia antolatu ditu irailaren 21ean, Andoain, Leitza eta Lekunberri elkartuz. Zikloturismoa gogoko dutenen hitzordua da izanen da Mendi Txirrindula Martxa. Proposamen ezberdinak egiten dira: Andoain-Lekunberri (40km), Leitza-Lekunberri (15km) eta haurrentzat pailazoekin batera egiteko 4 kilometroko ibilbidea. Maratoi-Erdiari dagokionez, 21 kilometroko proba lehiakorra izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun