Aralar Abentura Bizia jardunaldiak eginen dira asteburuan Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 24a, 17:38
Lekunberritik abiatuta, mendi bizikleta itzuli polita egiteko aukera izanen dute partehartzaileek. TTIPI TTAPA

Aurre izenematea ekainaren 26rako egin beharko da

Aralar Abentura Bizia jardunaldiak eginen dira asteburu honetan, ekainaren 28 eta 29an. Plazaolako Partzuergo Turistikoak, Mendukiloko lezeak, Beigorri Abentura Parkeak eta Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak antolatutako ekimen honek, zonaldeko abentura turismoa bultzatu nahi du. Naturaz gozatzeko, deskantsatzeko eta abentura bizitzeko Nafarroako mendialdeko leku zoragarria da inguru guzia. Aralar bere dimentsio guzietan ezagutzeko aukera izanen dute bisitariek, kanpoaldeko azaletik barne muinetara. Horretarako bizikleta, tirolina eta pasabide flotagarriak erabili ahal izanen dira. Lekunberriko Plazaolako estazio zaharra izanen da abiapuntua.

Larunbat gauez

Larunbatean, ekainaren 28an, gauez eginen dira ekitaldiak. Arratseko 9etan Plazaolako kantinan bokata jan ondotik, 10etan Mendukiloko lezeak bisitatuko dira. 11etan Beigorri Abentura Parkean tirolinan ibiltzeko aukera izanen da eta gauerdiko 12:30etan bukatuko da larunbateko jardunaldia. Egun honen prezioa 10 eurokoa izanen da eta gehienez 25 lagun eta guttienez 12k izena eman beharko dute, jardunaldia egiteko. Izena eman dutenek garraioa erabiltzeko aukera izanen dute.

Lezeak, bizikleta eta tirolina igande goizean

Igandean, ekainaren 29an, Plazaolako estaziotik aterako dira partehartzaileak hiru taldetan banatuak. Honela, batzuk Mendukiloko lezeetara doazen bitartean, besteek Lekunberri-Iribas-Baraibar-Albiasu-Lekunberri bizikleta ibilaldia eginen dute eta besteek tirolina. Partehartzaile guziek ekitaldi guziak eginen dituzte, baina ordutegi ezberdinetan. Eguerdiko ordubi terdietan bukatuko dira ekitaldiak. Gero, Lekunberriko kiroldegian dutxa hartzeko aukera izanen da eta gero luntxa izanen da Plazaolako kantinan.

Aurrez izen ematea

Aurrez izen ematea ekainaren 26a, osteguna baino lehen egin behar da, 5 euro ordainduz. Izen ematea egun berean egin beharko da, goizeko 8:30etik 9:00etara, 7 euro ordainduta. Gehienez 150 partehartzailerendako lekua izanen da eta gutxienez 30 bildu beharko dira ekitaldiak egin ahal izateko. Partehartzaileek gutxienez 8 urte izan beharko dituzte eta bizikleta eta kaskoa eramatea nahitaezkoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun