Leitzaldeko 69 eragilek eskuratu dute aurten Bai euskarari ziurtagiria

Utzitako argazkiak 2008ko eka. 10a, 09:31
Goizuetako eragileak, ziurtagiriak jaso eta gero. TTIPI TTAPA

Ekainaren 7an egin zen banaketa egitaldia Leitzan eta Goizuetan

69 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria Leitzaldean. Orain dela bost urte eman zioten hasiera eskualdean euskararen normalizaziorako Bai Euskarari Akordioari. Orduz geroztik urrats esanguratsuak eman dituzte: “69 Ziurtagiri banatu ditugu gaur orotara. Kopurua garrantzitsu da, baina are garrantzitsua da horren atzetik dagoen lana: konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiteko urtez urte ematen diren urratsak”, adierazi zuen Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak larunbatean Leitzan eta Goizuetan egin zen Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian.

Ekitaldi beteak eta biziak

Ekitaldi beteak eta biziak ospatu zituzten Leitzan eta Goizuetan, aurten Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten saltoki, enpresa eta era guztietako entitateen lana errekonozitu eta saritzeko. Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaz eta Udal ordezkariez gain, dantzariek, bertsolariek edota kantariek ere hartu dute parte herri bietako ekitaldietan. Mikel Baraibar Aresoko alkateak euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu zuen Leitzako ekitaldian. Fernando Goia Goizuetako euskara zinegotziak Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu eta jarduera erabat euskaraz egitera animatu zituen Goizuetan egin zen ekitaldian.

Bai Euskarari Ziurtagiria gorako bidean

Euskal Herri osoko 1.520 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria. Arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena. Bai Euskarari Ziurtagiriak 8 urteko esperientzia dauka; ibilbide luze eta oparoa egin du. Ibilbide horretan, orain dela urtebete urrats garrantzitsua eman zuen Ziurtagiriak. Izan ere, zazpi urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko. Aurten beraz, Kontseiluak ez, baizik eta Ziurtagiriaren Elkarteak banatu ditu Leitzaldeko Ziurtagiriak lehen aldiz.

‘Bai Euskarari’-tik ‘Euskaraz Bai’-era

Aurten “Euskaraz bai astea”-ren barnean txertatu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen Kontseiluak 10 urte bete ditu eta hain ezaguna den ‘Bai Euskarari’ lemari bultzada berri bat eman nahi izan diote. Hemendik aurrera, ‘Euskaraz bai’ izango da lema berria. Ez da nahikoa euskararen aldeko izatea, euskarak hiztunak behar ditu, erabiliko eta ikasiko duten pertsonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun