Lekunberriko XX. Legoa lasterketa igandean eginen da

TTIPI TTAPA 2008ko mar. 28a, 11:34

Urtero bezala eta jada 20 urte pasa dira, Lekunberriko Legoa jokatuko da martxoaren 30ean, igandean, Areso. Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak antolatuta. Korrikalarien proba nagusia eguerdiko 12:00etan hasiko da eta Lekunberritik atera eta Azpirotzeko mendateraino joan teoría eginen dute. Guztira 6.040 metro izanen dira, garai bateko neurrian, Legoa. Goizeko 10:30etan Lekunberriko kaleetan gazteen krossa ere eginen da. Lekunberriko Legoa, mugarri batetik bestera joan eta itzultzean datza, lehengo lasterkariek egiten zuten bezala. Hau da; Lekunberritik atera, Azpirozko mendatea igaro, Cia'tarren etxe parean bira eman eta Lekunberrira itzuli, NA-130 errepidean barna.

Izen ematea egun berean

Izena-ematea egunean bertan izango da, 10:30etatik 11:30etara irteera-lekuan bertan: inskripzio-orria bete eta 6 euro€ ordainduta dortsala emanen zaie partehartzaileei. Interneten bidez ere izena emateko aukera izanen da 5 euroan, www.herrikrossa.com web-orrian. Sariei dagokienez, 180 euro, 120 euro, 80 euro, 50 euro, 40 euro, 30 euro, 25 euro, 20 euro, 15 euro, eta 10 eurona emanen zaizkie lehenbiziko hamar gizonezkoei baldin eta 22 minutu azpitik bukatzen badute proba eta beste horrenbeste lehenbiziko hamar emakumezkoei baldin eta 27 minutu azpitik bukatzen badute. Gainera, 180 euro emanen da egungo marka hobetzeagatik, Gizonezkoetan Andres Perezek egin zuen marka 1998an, 17 minutu eta 31 segundutan bukatuz Legoa eta emakumezkoetan, Rosi Talaverak urtebete lehenago egin zuen marka, 21 minutu eta 20 segundurekin. Podiuma osatzen duten lehenbiziko gizonezko nahiz emakumezkoei trofeoak ere emanen zaizkie.

Mankomunitateko onenei ere sariak

Gainera, 60 euro, 50 euro, 40 euro, 35 euro, 30 euro, 25 euro, 20 euro, 15 euro, 10 euro eta 5 euro emanen zaizkie Mankomunitateko lehen hamar gizonezkoei eta emakumezkoei baldin eta 30 minutu azpitik bukatzen badute. Hauek ere, 180 euro izanen dute egungo marka hobetzen badute. Gizonezkoetan, eskualdeko marka aspaldikoa da, Txikitok egin baitzuen 1959an, 18 minutu eta 57 segundurekin. Emakumezoetan berriagoa da, 2005ean egin baitzuen Nerea Malkorrak, 29 minutu eta 27 segundurekin. Eskualdeko lehenbiziko hiru gizonezko eta emakumeei ere trofeoak emanen zaizkie. Oparia eta hamaiketakoa izanen dira korrikalari guztientzat eta axuria 30 minutu azpitik amaitzen duen haraneko talde bakoitzarentzat. Dutxak Plazaola Kirolgunean izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun