Mendialdeko Agenda 21eko herriak bi taldetan banatu dira foroetarako

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 6a, 14:09

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzaren hurrengo bilkura otsailaren 26an eginen da

Eremu zabala eta horren ondorioz, eskualdeko sentimendua banatua eta parte-hartze eskasa. Horiek izan dira foroak egiterakoan Mendialdeko Agenda 21ean parte hartzen duten zortzi herriak bi taldetan banatzearen arrazoi nagusia. Mendialdea izenak Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri biltzen ditu, baina herritarrei parte hartzeko aukera errazte aldera bitan banatu dira. Batetik, Arano, Areso, Goizueta eta Leitza daude, eta bertzetik, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri.

Leitzan bilera urtarrilaren 15ean

Bi lantaldeak ere martxan dira dagoeneko, eta Ttipi ttapak biltzen dituen lau herri horien lehen bikura urtarrilaren 15ean egin zen, Leitzan. Orduan ingurumena, lurraldea, hirigintza, mugikortasuna, tokiko eta eskualdeko kudeaketa eta ingurumen arloak (ura, hondakinak, energia…) aztertu zituzten. Bertzeak bertze, herrien beharrei erantzungo dien hirigintza eta lurralde antolaketa bultzatzea eskatu zen, herrien izaera, estetika eta baliabideak errespetatuz. Etxebizitzari dagokionez, etxebizitzak garesti daudenez, gazteek bertze herrietara joateko joera dutela aipatu zen. Horregatik, gazteentzako alokairu sozialeko neurriak hartzea edo etxebizitza hutsei aterabidea ematea proposatu zen Leitzan egindako bileran. Hiri-hondakinen kudeaketa hobetzea ere aipatu zen, horretarako “egiazko” Mankomunitatea sortuz. Mendialderako transferentzia-planta berria egitea ere aipatu zen, honela, Goizueta-Aranoko zabortegia itxi ahal izateko. Bilketa selektiboa osatzea eta hondakinen berreskuratzea bultzatzea ere proposatu zen. Horretarako, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa indartu behar dela uste zuten bildutakoek. Ingurumenaren arloan, kudeaketa oso baten beharra azpimarratu zen. Belaunaldi gazteenek ingurunea eta bere aberastasuna gero eta guttiago ezagutzen dutela eta, ondorioz, guttiago baloratzen dutela uste da. Mendiko pista gero eta gehiago daudela eta mendian dabiltzan ibilgailuen harat-honatak nolabait arautu behar direla ere aipatu zen bileran. Mugikortasunaren arloan, eskualde barneko nahiz kanporako garraio publikoa hobetzea nahitaezkoa dela pentsatzen dute Agenda 21eko bileran parte hartu zutenek, baita asteburuetan gazteei zuzendutako gaueko zerbitzua eskaintzea ere. Oinezko eta bizikletendako bideak bultzatu behar direla ere pentsatzen dute, baita Goizueta Leitzarekin eta Aranorekin lotzen dituzten errepideak hobetu. Autoa asko erabiltzen denez, aparkalekuak arautu eta egoki seinalizatzeko premia aztertu zen. Herri eta eskualdeko kudeaketari dagokionez, eskualde sentimendurik ez dagoela aipatu zuten Leitzako bileran eta horregatik, zenbait zerbitzuen kudeaketa elkarrekin eta batera egitea proposatu zen. Eskualdeko sentimendu hori indartzeko komunikabideak sendotzea garrantzitsua dela uste dute Agenda 21eko partehartzaileek, irratiek edo aldizkariek asko elkartzen baitute.

Bigarren bilkura otsailaren 26an Leitzan

Bigarren bilkura, otsailaren 26an eginen da Leitzan, eta orduan, kultura, kirola, euskara, heziketa, gizarte eta osasun zerbitzuak, ekonomia eta tokiko eta eskualdeko kudeaketa izanen dituzte aztergai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun