Leitza eta Goizuetako tabernetan ‘Euskaraz bai’ kanpaina eginen dute Urtezahar arratsaldean

TTIPI TTAPA 2007ko abe. 21a, 10:17
Leitza eta Goizuetako tabernetan horrelako kartela jarriko dute. TTIPI TTAPA

Euskaraz eskatzen duenari zizka-mizkak emango dizkiote

Leitza eta Goizuetako udalek Kontseiluarekin elkarlanean ‘Leitzaldeko tabernetan euskaraz bai’ egitasmoa aurkeztu zuten azaroaren 20an. Ekimen honen helburua Leitzaldean euskararen erabilera sustatzea da. Horrela, abenduaren 31n Leitzaldeko 23 tabernetan, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, euskaraz eskatzen duen herritarrari zizka-mizkak edo pintxoak emango dizkiote.

“Euskaraz bai” Bai Euskarariren ordez

Leitzaldea izango da joan den astean Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztutako ‘Euskaraz bai’ lelo berria erabiliko duen lehenengo herria. Izan ere, Kontseiluak 10 urte bete dituen une honetan, pauso berri bat emateko garaia iritsi dela erabaki dute Kontseiluko ordezkariek. “10 urte hauetan bai euskarari oihukatu dugu eta proiektu anitz jarri ditugu martxan lelo honen babesean, baina iritsi da pausua emateko garaia, iritsi da Bai Euskararitik Euskaraz bai-ra salto egiteko garaia”, azaldu dute.

“Bai euskarari esatea ondo dago, baina euskarak gehiago behar du; ‘Euskaraz bai’ da behar duena, euskaraz bai lanean, etxean, tabernan, lagun artean, hezkuntzan, administrazioan…”, aipatu dute Kontseiluko ordezkariek. Leitzaldearen kasuan tabernekin hastea erabaki dute eta guztien artean, udalak, euskalgintza eta tabernarien artean, egitasmoa martxan jarri dute. Guztira, 23 tabernek parte hartuko dute Urtezahar arratsaldeko egitasmoan: Leitzako Bikoitz, Jubilatuak, Leitzarra, Beatrizenea, Peritza, Okabio, Xumutxo, Torrea, Txoko, Musunzar, Sagasti, Zirkulua eta Zortziko labetxea. Goizuetan, berriz, Gordea ostatua, Zubiondo, Txoko, Urrutinea, Izkiña jatetxea, Lizardi, Juananetxea, Zabaleta, Goiz Argi eta Amaia kafetegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun