Mingain urdinaren lehen kasuak agertu dira Leitza eta Goizuetan

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 15a, 13:53

Lau behiek eman dute positiboa azterketetan

Mingain urdinaren eritasunaren lehen kasuak agertu dira Nafarroan, Goizueta eta Leitzan zehazki, asteazken arratsaldean Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak jakinarazi zuenez. Zehazki, lau behiei antzeman zaie eritasuna, baina datozen egunetan kasu gehiago agertzea ere posible dela onartu du Begoña Sanzberrok, zenbait muestra aztertzeko baitaude oraindik. Dena den, orain arteko portzentaia arras bajua dela aipatu du kontseilariak, aztertutako 1.897 aziendetatik lau hauek bakarrik eman baitute positiboa.

Begoña Sanzberro baikor dago, seguruenik lau behi hauek egun guttiren barrenean sendatuko baitira eta egoera ez baita sobera aldatu. Bien bitartean, txerto kanpaina aurreikuspenen arabera doa eta abendu hondarrerako, Oiartzungo hasierako fokotik 50 kilometro inguruan dauden behi eta ardi azienda guziak txertatuak egonen direla pentsatzen dute. Eremu horretatik kanpo dauden Nafarroako behi eta ardiak, 810.000 buru, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan txertatuko dira.

«Ez du eraginik gizakiengan»

Nafarroako Gobernutik berriz ere gogorarazi dute eritasun honek ez duela eraginik gizakiengan eta eritutako azienden haragia edo esnea kontsumitzea ere ez litzateke osasunerako kaltegarria. Halere, orokorrean, eritutako animalirik ez da kontsumitzailearengana ailegatzen, hiltegira eramandakoan aztertu eta eritasunaren sintomak dituztenak baztertzen baitira.

Mingain urdinarena azken urteetan Europan hagitz zabaldua dagoen eritasuna dela ere aipatu dute Nafarroako Gobernutik eta azienden produkzio arazotzat bakarrik jotzen dela, inoiz ez kontsumoari edo osasun publikoari eragiten dion arazo bezala. Honela, Alemania da mingain urdinaren eritasunaren foko gehien dituen herrialdea 15.864, Frantzian 6.632 daude, Herbeheretan 5-051, Belgikan 4.571, Luxemburgon 1.023, Erresuma Batuan 37, Suitzan 2 eta Danimarkan bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun