Mendialdeko Agenda 21ak irudi eta lema lehiaketa ireki du

TTIPI TTAPA 2007ko urr. 4a, 13:38

Joan den ekainean Leitzaldeko eta Larraun aldeko zortzi udalek (Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberrik) hasiera eman zioten Mendialdeko Agenda 21 prozesuari. Partehartzea eta iraunkortasuna uztartu nahi dituen prozesu honek etorkizunera begira zonalderako garapen plan edo ekintza sorta bat osatzea du helburu. Eta horretarako lehen pausoak ematen hasiak dira.

Ordezkari politikoekin izandako bilerekin ekin diote bideari, eta datozen hilabeteetan teknikariekin, herritarrekin... beste hainbat hitzordu izango dituzte.

Hasteko, Mendialdeko Agenda 21ak irudi eta lema edo lelo bat behar dituenez, lehiaketa bat martxan jarri dute; irabazlearentzat 300 euroko dirusaria duen lehiaketa. Lanak aurkezteko epea urriaren 31rarte izango da. 16 urtetik gorako edozeinek har dezake parte. Aurketutako lanak orijinalak izan beharko dute, aurrez argitaratu eta saritu gabeak eta “Agenda 21” eta “Mendialdea” hitzak agertu behar dituzte. Mendialdeko zortzi udaletxe horietara edo Cederna-Garalurek Lekunberrin duen bulegora bidali beharko dira lanak, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz eta gutunazalean “mendialdeko Agenda 21aren logotipo lehiaketa” adieraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun