Plazaola Partzuergo Turistikoak martxan jarri berri du “Plazaolatik barna bidaiatzeko pasaportea”. Bertan enpresa turistiko ezberdinek eskaintza bereziak egiten dituzte eskualdean barna bidaiatzeko. Pasaportea duten pertsonek beherapen eta eskaintza berezi batzuetaz gozatzeko aukera edukiko dute lo egiteko hainbat tokietan, natura-abentura ekintzetan, artisautzan eta jatetxeetan.
Enpresa turistiko bakoitzak pasaportea eskaintzen du eta zigilua ematen dio. Zigilua jasotzean pasaporteak balioa hartzen du eta hurrengo enpresetan beherapenaz gozatzeko aukera ematen du. Pasaporteak 2007ko urriaren 1etik 2008ko ekainaren 30era balio du, zubiak, Eguberriak eta Aste Santua izan ezik. Beherapenak ezin dira metatu eta pasaporte batek toki bakoitzeko eskaintza bakar batez gozatzeko aukera ematen du. Erreserbak lekurik baldin badago eginen dira eta, beti ere, jakinarazi behar da erreserba promozio horri dagokiola. Erreserba egin den tokian pasaportea aurkeztea ezinbestekoa da, balio izan dezan. Aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen da. Eskaintza hauek pasaportea duten bidaiarientzat bakarrik dira. Udarako hilabeteetan zehar kaleratutako 5000 aleetako asko banatu diren arren, datozen hilabeteetan ere banaketa egiten segituko du Plazaolako Partzuergoak. Pasaportea eskuratu nahi duenak Lekunberriko Turismo Bulegora, Nafarroako beste Turismo Bulegoetara eta ekintza honetan parte hartu duten enpresetara jo beharko du.
Web-orrian berrikuntzak
www.plazaola.org orrialdeak eskualdeari buruzko informazioa eskaintzen du hizkuntza ezberdinetan: euskara, gaztelera eta ingeleran. Orain ere katalanez ere aurkitu daiteke informazio guztia, Kataluina eta Balentziako Erkidegotik gurera etortzen den jende kopuru haundiari zerbitzu berri hau eskainiz. Orrialdearen sarbide nagusian bi atal berri ipini ditugu : Plazaolako Bidexkak eta Iturraskarri, Larraungo bidexkak. Gure eskualdea oinez eta bizikletaz ezagutzeko aukera ezberdin ugari proposatzen dira.