Maitane, Aresoko “kirolariari”

Utzitako argazkiak 2007ko uzt. 2a, 09:01

“Guztiok pozik joaten gara frontoira gure pilotariak animatzera eta tanto onak txalo zaparradaz ospatzera”. Horrelaxe hasten duzu Maitane ttipi-ttapako karta. Aizu Maitane, “zuen” pilotariak animatzeak aurkaria iraintzea al dakar derrigor? Ikusi zintudan finalean, eta Abelen aldeko –eta Aimarren kontrako- zure histerismoak-fanatismoak- harrituta utzi ninduen. Hagitz deigarria egin zitzaidan zure jarrera, ez baitzetorren bat, nire ustez, kirolari batek eman beharko lukeen irudiarekin. Kartak bete betean baieztatu du, zoritxarrez, orduan hartu nizun itxura.

Kantxan pasatu zenari buruzko eztabaidetan ez naiz sartuko. Aimarrek Abeli tantoak lapurtu zizkiolako finala irabazi ziola diozu zure gutunean, eta horrek erantzunik merezi ez duela badakite pilotazale guztiek, baita Barriolaren jarraitzaile sutsuenek ere. Eskua ematearena berriz, ikusi nahi zuten guztiek badakite ederki nola izan zen. 22. tantoa egin bezain pronto Aimar besarkatu eta lurrera bota zuten bere lagunek, Abel hurbiltzearekin batera hain zuzen.

Karta idatzi ahalean berotzen joan zarela dirudi, eta azkenean Barriola bera ere kritikatzen duzu Aimar berriz iraintzearekin batera, “pertsona “faltsu” bati buruz ongi hitz egiten jarraitzea” leporatzen baitiozu zure idoloari. Hemen gailurra jo duzu Gereño gaztea. Zu bezelako puntako “kirolari” batek beste bati, Abeli, kiroltasunez portatu izana leporatzeak, izenik ez duela uste dut. Beraz, horrekin ederki kalifikatua, deskalifikatua? gelditzen zara. Zer nahi zenuen ba, bi pilotariak mutur joka hastea? Hori horrela bada, igerilari ona izanen zara, baina kirolari txarra.

“Negar malkoak ixuriz eta bihotzean hutsune handi batekin” irten omen zineten pilotalekutik. Maitane, zu baino zaharxeagoa naizenez, aholkutxoa emanez (zure baimenarekin) bukatuko dut karta: kirola askoz zentzu sanoagoan bizi behar zenuke, horrenbeste dramatizatu gabe alegia. Finalak, kasu honetan pilotarena, festa handi batzuk dira. Irabazten bada ospatu, eta galtzen bada…ere bai. Parrandarako beste aitzaki bat gehiago. Aldekoa animatuz eta aurkaria errespetatuz. Badakit ondorengoa topikoa dela, baina topiko asko bezala egia: Gure gizarte, herri eta etxeetan horrenbeste zoritxar gertatzen izaki noiznahi eta, nola eginen duzue ba negar pilota partida batengatik?
Azkenean luzatu egin naiz baina ez dut bukatu nahi sujerentzi hau zuri bota gabe: Zergatik ez diozu Aimarren berri galdetzen zuk horrenbeste miresten eta nik ere asko estimatzen dudan Abel Barriolari?
Begirunez,

Esteban Arozena - Goizueta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun