Buruz buruko txapela Goizuetara joan da

ttipi-ttapa 2007ko eka. 18a, 19:38

Abel Barriolak ez zuen bere maila hoberena eman, eta Aimar Olaizolak horren baliatzen jakin zuen

Joan den igandean Atano III.ean jokatutako partidan Aimar Olaizola aise nagusitu zen. Abel Barriolak ez zuen txapelketan eman duen maila erakutsi, eta goizuetarrak ez zuen aparteko arazorik izan 22 eta 10 irabazteko.

Abel Barriolari partiduan sartzea kostatu bazitzaion, Aimar Olaizola serio eta indartsu atera zen kantxara. Horretaz aprobetxatuz, hasieratik alde ederra atera zion aurkariari, 0 eta 7. Hortik aitzinera, Barriolaren bertze aurpegi bat ikusi zen, eta bi puntura hurbiltzea lortu zuen 8 eta 10. Zoritxarrez leitzarrarentzat hortik aitzinera norgehiagoka guztiz goizuetarraren aldekoa izan zen. Jokoaren aldetik nahiko tristea izan zen finalean Aimar Olaizolak buruz buruko bere bigarren txapela jantzi zuen partida 22 eta 10 irabaziz. Puntu gehienetan Abel Barriola izan zen nagusi baina irregularra izan zen eta huts anitz egin zituen. Goizuetarra aldiz oso serio aritu zen, eta gauza guzien gainetik, oso eraginkorra izan zen.

Partida ondoko prentsaurrekoan, Aimar Olaizola pozik agertu zen buruz burukoa pilotari guziek amesten duten txapela delako. Zioenez, partidan berehala sartu zen, eta hasieran ateratako aldea gordetzen jakin zuen serio izanez. Abel Barriola aldiz, zapore gazi gozo batekin gelditzen zela adierazi zuen, gozoa egindako txapelketarengatik, eta gazia finalean erakutsitako mailarengatik. Txapelketa nekatuta bukatu zuela erran bazuen ere, Leitzarrak ez zuen aitzakiarik atera, bere ustez gaizki sakatu zuen eta behar ez ziren momentuan bizpahiru opari egin zituen. Izan ere, ez zuen arazorik izan Aimarrek txapela merezi zuela aitortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun