Leitzar bat goizuetar baten aurka, buruz buruko txapelerako

ttipi-ttapa 2007ko eka. 15a, 18:14

Igandeko finalean pilotak ez dira aitzakia izanen aukeraketan biak gustura gelditu baitira

Igandean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, buruz buru jokatuko den finalean gure eskualdeko bi pilotari aurrez aurre arituko dira, Aimar Olaizola goizuetarra alde batetik, eta Abel Barriola leitzarra bertzetik.

Bi pilotariek badakite zer den buruz buruko txapela janztea. Goizuetarrak duela bi urte eskuratu zuen Irujoren aurkako finalean nagusitu ondotik. Joan den urtean eta 2003an, aldiz, finalera ailegatu eta galdu zuen. Lehena Irujoren aurka eta bertzea Patxi Ruizen aurka. Abel behin baizik ez da finalera ailegatu, eta orduan txapelketa irabazi zuen. 2002ko finalean 22 eta 3 nagusitu zen Belokiren aurka. Geroztik, zoritxarrez, eskuko arazoak zirela eta, Leitzako pilotariak gorabehera handiak izan ditu, eta buruz burukoan ez du emaitza aipagarririk izan.

Hala ere, badirudi joan den urteaz geroztik gauzak aldatzen ari direla leitzarrarentzat, iazko lau terdikoan finalera ailegatzea lortu zuen, baina finalean Irujo nagusitu zitzaion. Txapelik gabe gelditu bazen ere, urte batzuk gaizki pasatu ondotik hoberenen artean itzuli zen Leitzako atzelaria. Argi ez diren arrazoi batzuengatik, aurtengo binakako txapelketan ez du parte hartu, eta horrek, azkenean, buruz burukorako ongi prestatzeko astia eman dio. Horren froga dugu, orain arte egindako txapelketa. Final hogeita hamabirenetan hasi behar izan zuen, eta banan bana aurkari guztiak menean hartu ditu, Galarza V.a, Xala, Peñagarikano, Irujo eta finalerdietan Eugi. Anitzen erranetan igandean faboritoa izanen da, baina parean, azken urteetan buruz burukoan ederki moldatzen den Aimar Olaizola izanen du. Goizuetarra final laurdenetan baizik ez da txapelketan sartu, baina jokatutako bi partiduetan maila oneko pilotariak baztertu ditu, lehenean Patxi Ruiz eta bigarrenean Gonzalez. Barriola maila hoberenera azkar itzultzen ari bada ere, igandean kontuz ibili beharko du azken urte hauetan hitz ordu nagusietan saihestezina den pilotaria baita Olaizola II.a.

Finalerako hiru egun gelditzen zirela, ortzegunean egin zuten pilota aukeraketa, eta biak kontent gelditu ziren aurkariak aukeratutako pilotekin. Hala ere, Barriolari, Olaizolak ohi baino pilota arinagoak hautatu zituela iruditu zitzaion. Goizuetarrak ukatu zuen, eta betiko pilotak hartu zituela erantzun zion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun