Leitzarren esku dago etorkizunean Leitzan harrobirik egitea edo ez. Izan ere, maiatzaren 22ko erreferendumaren emaitzari begiratuko baitio Leitzako Udalak lur-komunaletan Convial enpresak egin nahi duen harrobiari ustiapen-baimena eman edo ez erabakitzeko.
Ezkurrako gainetik Goizueta aldera abiatuta 2 kilometrora, Leitzako Gorriztaran auzoko azken baserrien inguruan, ofita ateratzeko harrobia egin nahi du Convial enpresak. «Trenbideetan balasto gisa eta errepideetako asfaltoari gogortasuna emateko» erabiltzen den materiala da ofita. Proiektu honen lehenbiziko arrastoa 1992koa da. Garai hartan agertu zion udalari Convialek (Construcciones Azpiroz y Saralegui bazkide da) Albiñoko harrobia egiteko asmoa, eta orduan abiatu zen proiektu honen tramitazio administratiboa Nafarroako Gobernuko Industria eta Ingurumen Departamentuetan. Alabaina, Leitzako dermioan harrobi gehiago egiteko asmoak daudela zabaldu izan da, eta horregatik galdetuko da generikoki «Leitzan harrobirik bai ala ez?»
Lur komunala da (%74a) Albiñokoak hartuko lukeen zatirik handiena
Printzipioz, harrobia 15 urtez ustiatzeko baimena eskatzen dio Convialek Udalari. Urte horietan, harrobiak 72.000 m2ko eremua hartuko luke. Eremu horren zatirik handiena (%74a) lur komunala da, eta gainerakoa jabego pribatukoa.
Hori dela-eta, 2003ko azaroan bi aukera proposatu zizkion Convialek Udalari: batetik lur-trukea egitea (1995ean proposatu bezalaxe), edo bestela, lur-trukea onartzeko udalbatzaren bi-hereneko adostasuna ez baldin bada posible, lur-komunalari probetxua ateratzeko baimena ematea, eta trukean enpresak diru-kopuru bat ordainduko lioke herriari. Bigarren aukera honek, nahikoa du udalbatzaren gehiengo sinplea onartua izateko.
Harrobiak 63 urteko
Udalari aurkeztu zaion proiektuaren arabera, harrobiaren probetxamenduak hasiera batean iraunen lukeen 15 urte horietan, 1.200.000 m3 material aterako ziren. Kopuru horretan oinarrituz, eta enpresak adierazitako lan-erritmoak kontuan hartuta, «egun bakoitzeko 24 kamioi inguru aterako ziren» adituen ustez. Hala ere, inguru horretan dagoen ofita kopurua kontuan hartzen baldin bada, harrobiaren bizitza 63 urtez luzatuko litzateke Convialeko datuen arabera.
1.800 Kg. lehergairen eztanda hilabetean behin
Leherketa bidezko ustiapen sistema erabiliko litzateke Albiñoko harrobian, eta proiektuan ageri den lan erritmoari kasu eginez, hilabetean behin 1.800 Kg. baino gehiago eztandarazi beharko ziren.
Enpresak dio lanpostuak eta Udalarentzat diru-
sarrerak sortuko direla
Bi arrazoi horiek erabiltzen ditu enpresak proiektuaren alde positiboak azpimarratzeko. Aipagarria da, halere, Convialek 2003an eskaera berresten dioenean Udalari, ez duela zehazten zenbat lanpostu sortuko diren eta udalari zenbateko diru-sarrerak ekarriko dizkion.