Igor Astibia preso leitzarra aske utzi zuten azaroaren 8an. Audientzia Nazionalak 25.000 euroko fidantza ezarri zion Igorri Navalcarneroko espetxea utzi ahal izateko eta gau berean herritarren ongietorria jaso zuen. Dena den, aste honetan ere beste ongietorri ekitaldi handiago bat prestatzeko lanetan omen dabiltza herrian.
Azaroaren 16an bi urte beteko ziren Igor Astibia Espainaiko poliziak atxilotu zuela eta geroztik presoaldi prebentiboan zegoela.
Urriaren 27an burututako udal batzarrean, Larrain Herri Plataformak Igor Astibia askatzeko mozioa aurkeztu zuen. Mozioa aho batez onetsia izan zen. UPNko ordezkariak ez baitziren batzarrera agertu. Udalak Igor Astibia berehala askatzeko eta epaiak bertan behera uzteko eskatu zuen eta senideengan asteroko bidaiek eragiten dituzten gastuak diruz laguntzeko erabaki.