Hastear daude ur faltaren arazoari bukaera emanen dioten obrak

Esteban AROTZENA 2006ko urr. 20a, 13:56

Deposito berria eginen da Goiko-Itturrin eta kanalizazioa hobetuko da

Teknikoen aurreikuspenak betetzen baldin badira, Goiko-Itturri inguruan egunotan hasiko diren obrekin batera bukatuko dira, puska baterako behintzat, azken urte hauetan lehorte garaietan, herriak jasan ohi dituen ur faltaren arazoak. Horretarako, lehengoaren ondoan beste deposito bat egoteaz gain, duela 13 urte berritu gabe utzitako kilometro bateko kanalizazioa osatuko da orain.

Azpiroz-Saralegiri eman zion Udalak irailaren 13ko batzarrean lanen ardura, baina dagoeneko gauza jakina da, enpresa horrek herriko Zabala-Goikoetxeari azpikontratatuko diola 224.958 euroko obra hau. Bost hilabeteko epea izanen dute hauek lanak bukatzeko.

Aipatutako batzarrean erabaki zen kanposantuko eta suhiltzaileen lokal berriaren bigarren zatiko obren aurrekontuen eguneratzea ere. Lehenbiziko epean hutsik gelditu zen esleipena, inor aurkeztu ez zelako. Aurrekontu berrituak 49.465 eta 81.767 eurokoak dira, hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun