Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketa maiatzaren 31n izanen da. Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatu du aurtengoa ere, eta leitzarren laguntza izanen dute. 65 kilometroko luzeran, Leitza izanen du abiapuntu eta helmuga, bidean Aralarko mendizerra zeharkatuz. 7.000 metroko gainbehera duen proba da. 07:00etan abiatuko dira laskerkariak, eta 13:00etarako aurreikusi dute hasiko direla iristen lehenengoak helmugara. Tartean, Guratz, Gorriti, Arribe, Gaintza, Hirumugarrieta (1.431 metro), Albi, Artxueta, Lekunberri, Etxarri, Ireber eta Kornieta igaro beharko dituzte.
Parte hartzaile kopuruak ere gorantz egin du aurten, 700 dortsaleko muga jarri eta guztiak bete baitira. Iazko lehen edizioa 500 bat lasterkarik hasi zuten eta horietatik 366k lortu zuten bukatzea, eguraldiak ere batere ez baitzuen lagundu. Gizonezkoen artean irabazlea Angel Arrieta Lujanbio Uharte-Arakilgo Aralar-Mendi klubekoa izan zen (6:45:51). Emakumezkoen artean lehena, Ibarrako Leire Agirrezabala Ezkurdia izan zen (8:24:08). Iazko irabazleek aurtengoan ere erronkari erantzun diete eta haiekin batera nazioartean ezagunak diren lasterkariak izanen dira, besteak beste Monica Grajera kataluiniarra eta Marco Olmo italiarra.
Proba bakarrean txapelketa ezberdinak izango dira, banakakoa, KM bertikala edota taldekakoa adibidez. Taldekako kasuan, partaideen artean gutxienez emakume batek egon behar du.
Festa ostiralean hasiko da, 17:00etatik aurrera, dortsal banaketa eta korrikalarien azoka eginen dituzte. Marco Olmoren hitzaldia ere izanen da 20:00etan Leitzako zineman. Maiatzaren 31n, probaren egunean, egun osoan izango dira ekitaldiak. Haurrentzat jokoak egongo dira, txosna txiki bat ere jarriko dute jan-edana egiteko, eta materiala erosteko gunea ere izango da. Iritsi ahala ongi irabazitako bazkaria izanen dute esperoan korrikalariek Leitzako plazan.