Euskal Herria Mendi Erronkaren bigarren edizioa ere Leitzan eginen da maiatzaren 31n

TTIPI-TTAPA 2014ko mai. 27a, 13:33
Angel Arrietak irabazi zuen iaz Euskal Herria mendi erronkaren lehen edizioa, euripean. Artxiboko argazkia

65 kilometroko luzera duen proban, 700 lasterkarik eman dute izena

Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketa maiatzaren 31n izanen da. Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatu du aurtengoa ere, eta leitzarren laguntza izanen dute. 65 kilometroko luzeran, Leitza izanen du abiapuntu eta helmuga, bidean Aralarko mendizerra zeharkatuz. 7.000 metroko gainbehera duen proba da.

Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketa maiatzaren 31n izanen da. Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatu du aurtengoa ere, eta leitzarren laguntza izanen dute. 65 kilometroko luzeran, Leitza izanen du abiapuntu eta helmuga, bidean Aralarko mendizerra zeharkatuz. 7.000 metroko gainbehera duen proba da.

Larunbat goizeko 7etan abiatuko dira laskerkariak, eta 13:00etarako aurreikusi dute hasiko direla iristen lehenengoak helmugara. Tartean, Guratz, Gorriti, Arribe, Gaintza, Hirumugarrieta (1.431 metro), Albi, Artxueta, Lekunberri, Etxarri, Ireber eta Kornieta igaro beharko dituzte.

Parte hartzaile kopuruak ere gorantz egin du aurten, 700 dortsaleko muga jarri eta guztiak bete baitira. Iazko lehen edizioa 500 bat lasterkarik hasi zuten eta horietatik 366k lortu zuten bukatzea, eguraldiak ere batere ez baitzuen lagundu. Gizonezkoen artean irabazlea Angel Arrieta Lujanbio Uharte-Arakilgo Aralar-Mendi klubekoa izan zen (6:45:51). Emakumezkoen artean lehena, Ibarrako Leire Agirrezabala Ezkurdia izan zen (8:24:08). Iazko irabazleek aurtengoan ere erronkari erantzun diete eta haiekin batera nazioartean ezagunak diren lasterkariak izanen dira, besteak beste Monica Grajera kataluinia­rra eta Marco Olmo italiarra.

Proba bakarrean txapelketa ezberdinak izango dira, banakakoa, KM bertikala edota taldekakoa adibidez. Taldekako kasuan, partaideen artean gutxienez emakume batek egon behar du.

Festa ostiralean hasiko da, 17:00etatik au­rrera, dortsal banaketa eta korrikalarien azoka eginen dituzte. Marco Olmoren hitzaldia ere izanen da 20:00etan Lei­tzako zineman. Maiatzaren 31n, probaren egunean, egun osoan izango dira ekitaldiak. Hau­rrentzat jokoak egongo dira, txosna txiki bat ere jarriko dute jan-edana egiteko, eta materiala erosteko gunea ere izango da. Iritsi ahala ongi irabazitako bazkaria izanen dute esperoan ko­rrikalariek Leitzako plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun