Apirilaren 12an jokatu zen Leitzako Aurrera elkarteak antolatzen duen herri krosaren 36. edizioa.160 korrikalarik hartu zuten parte eta jendetza bildu zen bide bazterrean. Lasterketa nagusian gizonezkoek 10 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta emakumeek eta junior eta kadete mailakoek berriz 5 kilometroko bidea.
Elhassan Oubaddi, marokoarra izan zen gizonezkoetan irabazlea, (30:29). 18 segundora helmugaratu zen, Javier Nagore eta iaz bezala, bigarren postua lortu zuen. Hasiera hasieratik, agerian geratu zen bien nagusitasuna. Elkarrekin osatu zuten lasterketaren zatirik gehiena, amaiera aldera, Oubaddik erritmoa bizkortu zuen arte. Hauekin batera, Alberto Barberena lekaroztarrak osatu zuen podiuma (32:35). Lehendabiziko leitzarra berriz, Fernando Irazoki izan zen (35:26).
Emakumeen artean, Maitane Melero iruindarra izan zen garaile, 19 minutu eta segundo bateko denborarekin. Lourdes Colomo zizurkildarra izan zen bigarren, 19 segundora eta Lekunberriko Olatz Gonzalez hirugarren (20:17). Laugarren sailkatu zen Miren Juantorena (21:28), eta lehendabiziko leitzarraren saria lortu zuen.
Andres Perezen marka (29:49) ez zuenez inork hobetu, 150 euroko sari berezia banatu gabe geratu zen.