erran.eus

Leitzako eta Aresoko produktuen azoka eginen da azaroaren 13an

Erabiltzailearen aurpegia
Leitzako Udalak eta LeitzEKO Kontsumo taldeak elkarlanean, bertako produktuen II. azoka antolatu dugu azaroaren 13rako. Aurten gainera, Aresoko ekoizleek ere parte hartuko dute azoka honetan. Beste berrikuntzetako bat, azaroaren 10ean, Atekabeltzan eskainiko den “Nekazaritza ereduak. Elikadura burujabetza.” hitzaldia izanen da. Poliki-poliki bertako produktuak bultzatzeko agenda lantzen ari gara beraz Leitzan.

Bertan eta bertakoa kontsumitu, modu arduratsuan. Hori da azoka honen helburu nagusia. Bertakoa erosi eta jaten dugunean, herriko eta inguruko ekonomia sustatzen dugulako, komunitate kontzientzia sortu eta herria indartzen dugulako.

Gure ekoizleen eta bereziki gure baserritarren jakinduria eta ezagutza zabaltzeko erakusleihoa izan nahi du azaroaren 13ko azokak. Bertako produktuari merezi duen lekua eskeintzea, baserritarrak protagonista bihurtzea eta horrela lehen sektorea duintzea.

Bestalde, azaroaren 10ean, arratsaldeko 7tan Leitzako Atekabeltza Herrigunean, “Nekazaritza ereduak. Elikadura burujabetza” izenburupean hitzaldia eskainiko dute Mixel Berhocoirigoien Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariak  eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko gerenteak. Besteak beste, lurraldera modu jasangarriagoan egokitzen den bestelako nekazaritza eredu batetaz zein gurean, nekazaritza iraunkorrak eskaini ditzakeen aukerez hitz egingo digute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa