Pestetan errespetuz jokatzeko eskatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Leitzako Udala 2016ko abu. 5a, 13:32
Leitzako Udalak, Berdintasun Batzordeak eta hainbat eragilek eraso sexistei aurre egiteko protokoloa landu dute. Udalak dei egin du indarkeria sexistarik gabeko eta pesta parekideen aldeko jarrera adieraztera esku morea kolkoan jarriz.

Bihar sartuko da Leitza jai giroan programaren errepartoarekin batera, pestak abuztuaren 10ean hasiko diren arren. Udalak arreta berezia jarri nahi du pesta giroan eman daitezkeen eraso sexisten inguruan. Izan ere, pestetan dena ez da onargarri eta jaietan errespetuz jokatzeko eskatu nahi die herritarrei.

Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea pertsona guztion ardura da, eta nola ez, instituzioen ardura. Edozein eraso sexistaren aurrean jarrerak aktibo izan behar du. Eraso sexisten aurrean, eragile politikoek, sozialek eta kulturalek ere, jarrera aktiboa izan behar dute.

Hori dela eta, Leitzako Udalak hainbat eragilerekin batera, berdintasunaren eta eraso sexistarik gabeko herri baten aldeko lanketan beste urrats bat eman eta eraso sexistei aurre egiteko protokoloa landu du.

Horrekin batera, Berdintasun Batzordetik “EZETZA BETI DA EZ” kanpaina jarri du abian eta jai-gune eta tabernatan esku moreak banatu ditu. Herritarrei dei egiten die kolkoan jar ditzaten berdintasunaren alde eta eraso sexisten aurkako beren jarrera adierazi dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun