Berako GAZTEXTEBANak 2015

Erabiltzailearen aurpegia Kaxerna gaztetxea 2015ko uzt. 22a, 10:11

Bertze urte batez, Kaxerna gaztexearen eskutik, Altzateko plazan egonen den txozna gunean egitarau oparoa izanen da.

 

Nahiz eta bestak berez igandean hasiko diren, Gaztetxekoek, ortziralean emanen diete hasiera beraien bestei.

Arratsaldeko 7etan hasita, pregoia, GaztExtebanen igoera eta aurresku herrikoiarekin emanen zaio hasiera aurtengo GaztExtebanei.
Jarraian, musika eskaintza irekiko du JOSEBA B.LENOIR GANG. taldeak.
Joseba Baleztena herritarrak, hilabete dexenteko ibilbidea daraman proiektuarekin gozatzeko aukera izanen dugu. Willis Drummondeko Felix eta Xan, eta Napokoa Iriako Miren eta Anderrekin batera, taulagaineko 5 basapizti izanen ditugu.
Arratsean, interesgarria dirudien ikus-entzunezko emanaldi bat egonen da: LLOBA.
Euskal kantak, musika elektronikoa, dantzak, proiekzioak...
Eta lehen eguna bukatzeko, KALERA lesakarren doinuak izanen ditugu txozna guneko eszenatokian.

Larunbatean, kiroldegi kanpoan, herri kirolen ondotik, Emakumeen harri tiraketa egonen da. Jarraian, Mukixu zubitik hasita, urteroko 'Elkartasun kalejira'. Eta 20:30ean, bertze lesakar bikote baten kantaldia: OLAIA ETA PITXI.
Arratseko kontzertuan ere, emakumeak izanen dira protagonistak. PERLAK taldeak irekiko du, eta ondoren, POTTORS TA KLITTO!

Igandean, San Esteban besta ofizialen txupinazoaren ondotik, Euskal preso eta iheslarien aldeko topaketa eginen da Espidobaita elkartean.
Ondoren, iazko arrakasta ikusita, aurten ere, Herri bazkaria abuztuaren 2an mantentzea erabaki dute, 14:30 izanen da Udaletxeko plazan.
Atsaldeko 6ak aldera, txarangak alaiturik, kuadrilen jaitsiera egonen da; udaletxeko plazatik txoznetaraino.
Jaitsieratik iristerakoan, 19:30tan, bertze herritar batzuen kontzertuaz gozatzeko aukera izanen dugu: PETTI & ETXEKO UZTA.
Arratseko kontzertuan, PELAX donostiarren rock'n'rola eta TXITXI lapurtarren rap doinuak izanen ditugu.
Astelehenean (abuztuaren 3an), indarrak izan ez gero, atsaldeko 5etan musika eta kantu inprobisatuekin batera, txikiteo herrikoia antolatu da.
Eta arratsean, dantzaldia SALTOKA taldearekin.
Asteartean, GAZTETXE BAZKARIA 14:00etan, txozna gunean. Txartelak, Kataku eta Errekalden salgai egonen dira, uztailak 30, ortzeguna, arte (sarrerak 10€; ikasle eta langabetuentzat 7€)
Bazkalondoan, berako bertsolariekin, BERTSO JOLASAK egonen dira eta 18:00tan BROKEN BRASS BROTHER BANDekin kalejira-poteoa.
Arratseko kontzertuan, doinu afrikarrak izanen ditugu FRIKUN eta BATU taldeekin. Atsedenean, urteroko animalien lasterketa: ENZERRIOA.
Eta azken egunean, arratseko dantzaldian, TRIKITEENS taldea arduratuko da, besta amaiera on bat izaten. Atsedenean Gaztextebanen jaitsiera izanen da.

Egunero, herritarrak izanen dire kontzerturik ez dagoen bitartean, txozna gunea alaituko duten DJak.

KAXERNA GAZTETXEtik gogoratu nahi dugu: berrerabili edalontzia!

Eta ez dugu sexu erasorik onartuko, ez txoznatan, ez inon!

Gora Berako GAZTEXTEBANAK! Herriarenak, herriarentzat!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun