Landa eremuko emakumearen nazioarteko eguna

Landa eremuko emakumearen nazioarteko egun honetan, emakumeak eskubide osodun pertsona gisa aintzetsi nahi ditugu, eta emakume hauen parte hartze sozial, politiko eta ekonomikoa garrantzitsua dela azpimarratu nahi dugu Goldatzetik. Bizi dugun sistema hegemoniko, androzentriko, patriarkal eta kapitalista honek emakumeak bigarren mailako biztanleak izatera behartzen gaitu. Nahiz eta hau horrela izan, landa eremuko emakumea bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duen eragile aktiboa dela argi dugu, izan ere, emakume baserritarrak lurrera eta baserrira lotuta egon dira beti, eta lan guztietan parte hartzeaz gain, beraiek izan dira gehien bat, baserri bizitza mantendu dutenak, familia zaintzeaz gain, animalien eta landareen zaintzaz ere arduratu baitira, baita jakintzak transmititzeaz ere. Gainera, hazien zaintzaileak izan dira ere, betidanik beraiek izan dira haziak libreki hautatu, gorde, berreskuratu eta partekatu dituztenak, eta denok dakigu hazirik gabe bizitza ezin dela sustengatu. Horregatik guztiagatik, landa eremuko emakumeen lana balioan jarri dugu, beraien arloan egindako ekarpena azpimarratuz eta beraien eguna den honetan beraien lana eskertuz. ZORIONAK landa eremuko emakume guziei!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun