Hala bazan eta ez bazan...

Erabiltzailearen aurpegia

Lur jabe handi bat kexu zen, ondoko baserriko baratzean ereindako kalabazak bere lorategi dotore eta txukunean ateratzen zirelako. Horma handi bat eraiki zuen, baina sustraiak pareta azpitik igaro eta kalabazak ateratzen segitu zuten, txoriek eramandako kalabaza-haziak ere loratzen hasi ziren lorategi apainean... eta okerrena, aurpegia ere kalabaza kolorekoa jarri zitzaion lur jabeari.

Denek ala inor ez...

Erabiltzailearen aurpegia

Denek dakite zakurra dela gizakiaren lagunik handiena. Gehienek, identifikatzeko txipa eta amorruaren kontrako txertoa jartzen dizkiete. Batzuk, zuhaitz genealogikoak osatzen dizkiete birraitatxi-birramatxien aintzinakoak bitarte, beraien pedigria eta odol garbia erakusteko. Bakan batzuk jantzi eta orraztu ere egiten dituzte... Eta inork ez al ditu espaloietan egiten dituzten kakak bilduko?

Hauteskunde kanpainan berriz

Erabiltzailearen aurpegia

Hurbilago arazorik ez, batzuk Venezuelara doaz, bertzeak Idomenira... agian, kanpoan okerrago daudela ikusteak baretuko du urtebetean ebakuntza egin diezaioten esperoan dagoenaren ezinegona. Baina barne arazo larriak ere moldatzeko prest daude politikariak: Estelada eramatea galerazi lehenik eta, demokratak direla erakutsiz, baimendu gero. Ai ama, zein hilabete luzea heldu zaigun!

Lapurrik ez!

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Baratzetik tomateak faltatu zaizkit eta mural dotorea margotu dut: Lapurrik ez! Bizilagun bat etorri zait bere garaian utzitako musika CDekin, bertze batek lotsatuta erran dit zintzilikariotik nahi gabe hartu zidala pijama eta azkena, lau letxugetatik bi janak dituela baina bertze biekin eta 5 eurorekin agertu da etxean. Burlatan ere gisakoa gertatu omen da, Tortura zioen pintada batekin.

Asko maite zaitut

Erabiltzailearen aurpegia

Umeei emanarazi bai, baina zenbatetan ematen diogu muxu maite dugun lagun, bikote, guraso, senideari? ETBko saio batek azaltzen du zeinen zail egiten zaigun maite zaitut erratea («esan gabe somatzen da», «begiek adierazten dute estimatzen dugula», «bizkarreko batekin erakusten dugu»...). Aurrez aurre baino, telebista kameren aitzinean erratea nahiago dugu, pentsa!

Urrunekoa hurbilduz

Erabiltzailearen aurpegia

Sesamo auzoan bizitzeko aukera izan genue­nok badakigu aski ongi hurbil eta urrutiren arteko ezberdintasuna: etxeko baten errausin ttikiena kanpotar baten minbizia baino larriagoa da; norbait hil dela aditzen dugunean, oinazea ere hur­bil­tasunaren araberakoa izan ohi da. Brusela eta La­horeko atentatuek izandako oihar­tzu­na­­rekin, hori ez dela umeen kontua bakarrik ikasi dugu.