52 emakume elkartu ziren Bortzirietako VIII. Mendi Itzulian Arantzan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 6a, 08:39
Mendi itzuliaren ondotik, elkarretaratzea egin zuten Arantzako plazan.

Emakumearen Egunaren harira bertze zenbait ekitaldi ere eginen dira datozen egunetan

Martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira Bortzirietako VIII. Mendi Itzulia egin zuten martxoaren 5ean Arantzan. Eguraldiak lagundu ez arren, 52 emakume elkartu ziren, lau orduko itzulia emateko. Ondoren Arantzako plazan elkarretaratzea egin zuten, aterpean dutxa hartzeko eta salda dastatzeko aukera izan zuten, Pabloenean bazkari batekin bukatzeko.

 

Asteburuan bertze zenbait ekitaldi izan dira Beran. Ortziralean, martxoaren 19ra bitarte ikusgai izanen den Colectivo Cerdas erakusketa zabaldu zuten Katakun eta larunbatean, Estitxu Fernandezek hitzaldi-tailer interesgarria eskaini zuen Beralandetan, Emakumeon gorputza: minik gabeko erditze konszientea izenburupean.

 

Datozen ekitaldiak

Martxoaren 7an, astearte arratsaldeko 4:30ean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, Cuidarse para cuidar hitzaldia eskainiko du Alzheimer eritasuna dutenen senideak bil­tzen dituen AFAN elkarteak.

Martxoaren 8an, asteazkenean 12:30ean elkarretaratzea eginen dute Toki Ona institutuan eta 13:00etan filma eskainiko dute Kultur Etxean. 20:00etan kalejira eginen dute  Mukixu zubitik Altzateko plazara. Kalejira giroteko danborrak edo soinua ateratzeko bertze tresnak eramatea eskatu dute.

Martxoaren 10ean, ortziralean 18;30ean, Gutik Zura dokumentala eskainiko dute Etxalarko Kultur Etxean.

Martxoaren 12an, igandean 18:00etan Sufragistas filma eskainiko dute Berako Beralandetan.

Martxoaren 19an, igandean 18:00etan, Beraren konkista an­tzezlana eskainiko dute Berako Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun