Igantziko azken saskigileari buruzko dokumentala Paris, New York eta Londonen emanen dute

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 17a, 08:43
Jesus Mari Sein saskigilea da film labur honetako protagonista.

Euskaraz egindako zortzi film labur ikusi ahal izanen dira Laburbira Zikloan Euskal Herriko hainbat herritan ere

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen aurtengo Laburbira programarako, KATUBIk Beran ekoiztutako Azken saskia dokumental laburra aukeratu dute, bertze 6 filmekin batera. Tartean, Kimuakeko hiru maisulan daude, «beraz ikaragarrizko ohorea da guretzat hor egotea», dio Katubiko Oier Fuentes egileak. Horretaz gain, Euspot lehiaketako onenak ere egongo dira.

 

Aurtengoan, Martxoaren 3tik Apirilaren 7ra garatuko da Laburbira, eta guztira 32 herri eta hiritan egongo dira ikusgai lanak: Azpeitia, Sondika, Paris, New York City, Gasteiz, Larraintzar-Ultzama, Hernani, Ermua, Arespalditza, Lazkao, Basauri, Arrasate, Soraluze, Zumaia, Sestao, Areatza, València, Araia-Asparrena, Usurbil, Bergara, Ordizia, Biasteri, Azkoitia, Mutriku, Arbizu, Elgoibar, London, Agurain eta Igorre.

 

Azken saskia

Azken saskia dokumentalean, Jesus Mari Seinen historia kontatzen da. Jesus Mari Sein Igantziko azken saskigilea izateaz gain, gaztainarekin saskiak lehengo eran egiten dituen azken nafarra da. Ikus-entzunezko honetan bere ofizioa eta bizitzaren errepaso bat egiten da, eta bere azken saskia egiten ikusten da, ogibide honen desagerpenaren arrazoien inguruko hausnarketa bultzatuz.

Osorik ikusi nahi bada, aukerarik onena Laburbirako proiekzioetara hurbiltzea da, Azken Saskiaz gain beste lan interesgarri batzuk ikusgai izanen direlako. Bertzela, norbere herrian proiekzio bat antolatu nahi duenak, Katubirekin harremanean jarri behar da. Bertze aukera bat ere bada: KATUBIn harpidetu, hain zuzen KTB ZERRENDA PRIBATUAn eta doan eta sarean ikusi.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun