Igantziko inauterietan harat-honatean ibiliko dira gazteak ortzirale eta larunbatean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 15a, 08:41
Ortzirale goizean hasiko dira Igantziko gazteak auzoz auzoko ibilbidean.

Bildotsa eta ardo lotea zozketatzeaz gain, bingoa ere izanen dute larunbat arratsean

Igantziko inauteriak ospatuko dituzte ortzirale eta larunbat honetan. Gazteek auzoz auzo eta baserriz baserri ibiliko dira bi egunetan, bidenabarkoak larunbat arratsean zozketatuko dituzten bildotsa eta ardo loterako boletoak salduz. Aurten, Guraso Elkarteak ere afaria antolatu du larunbat arratserako.

 

Otsailak 17, ortziralea

10:00 aldera Berrizaun auzotik hasita, etxez­etxe eta baserriz-baserri eskean ibiliko dira gazteak. Herrira bueltan, bidegurutze aldeko etxeeta­ra bisita eginen dute eta gero, Frain auzora­ joanen dira. Bazkalondoan herrian eta Sarrola eta Lasaga auzoetan eskean ibiliko dira gazteak. Gauean afaria eginen dute.

           

Otsailak 18, larunbata

08:00etan Mozorroak elkartu eta Irisarri auzora joanen dira gazteak. 11:00 aldera herrira bueltatu eta Unanu auzora eta Piedade gainera joanen dira. Arratsaldean haurrak kalejiran ibiliko dira. Ilunabarrean etxez­ etxe eskean ibilita banatuko dituzten boletoen zozketa eginen dute gazteek, lehenengo saria bildotsa eta bigarrena ardo lotea. Aurten, berrikuntza bezala, saridunek ez dute momentuan agertu beharko.  Sari bakoitzeko hiru zenbaki aterako dira eta lehen zenbakiaren jabeak 15 egun izanen ditu saria erakuratzeko, bigarren zenbakiak bertze hamabortz egun eta hirugarrenak bertze hainbertze. Baina horrez gain, 20:30ean bingoa eginen dute eta hemen ere bi sari berezi emanen dituzte. Bingoko kartoiak lortzeko egin beharreko gauza bakarra, momentuan plazan egotea izanen da. Gauean afaria eginen dute gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun