Matzada berritzeko proiektuan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 27a, 11:34
Nafarroa eta Gipuzkoako 18 urtez beheitiko nesken selekzioak, Matzadako inaugurazio ofizialean.

Kirolgune osoa poliki-poliki osatzen joatea dela azpimarratu du, bertze azpiegiturak jarriz

Berako Matzada futbol zelaia berritzeko proiektuan parte hartu dutenei eskerrak eman nahi dizkie Udalak.  Orain dela 25 urte egin zen Matzada futbol zelaia berritu da.  Belar naturaleko futbol zelaia izateak mantenimentu eta erabilera aldetik eragozpen haundiak ditu eta aspalditik zegoen proiektu hau Berako Udalaren agendan.  Azkenean 2016an baldintzak eman dira proiektu hau antzinera ateratzeko. 

 

Berako Udalak onartzen du lana egin ahal izan dela, «neurri haundi batean Gure Txokoako futbol ataleko ordezkariek Nafarroako eta Gipuzkoako federazioekin egindako lanari esker 120.000 euro lortuz, bertzetik Gure Txokoatik herriko enpresak babesle gisa proiektu hau bultzatzeko egin den lanagatik, guztira 170.000 euro jarri dituzte babesleek, kopuru honen erdia Nafarroako Gobernuko ogasuneko lege bati esker bueltan jasoko dute». Horregatik, eskerrak ematen dizkie Berako Udalak egitasmo honetan parte hartu duten herriko hogei enpresa baino gehiagori. 

Bertzetik Berako Udalak, aho batez hartu zuen konpromezua, urtero mantenimentuan inbertitzen zen diru kopurua zerbait igo eta 23.000 euroko dirulaguntza bat emateko 14 urtez Gure Txokoari, futbol zelaiko obrak eta mantenimentua egiteko. 

Guzti honi esker Matzada futbol zelaia txukun-txukun gelditu da. Berako Udalaren oharrak dioenez, «diru aunitz kosta da hau berritzea eta egia erran futbol profesionalak edo lehen mailakoak ematen duen eredua ez dugu batere gustoko, baina futbolak alde on aunitz baditu aldi berean: Talde kirola da, afizio haundia dago, lagun berriak egiteko balio du, toki berriak ezagutzeko… Espero dugu Matzada berriak balio dezala balore hauek indartzeko».

Momentuz futbol zelaia bakarrik egokitu bada ere, Udalaren helburua Matzadako kirolgune osoa poliki poliki osatzen joatea da. «Futbol zelai inguruan sekulako tokia dago eta jendea bertara erakarri nahi dugu kirola egin, paseatu edo arratsalde pasa egitera.  Aurten gimnasia egiteko aparatu batzuk eta inguruak txukundu nahi dira jendea oinez edo lasterka ibiltzeko eta antzinera begira eskaeraren arabera bertze kirol azpiegiturak hemen jartzeko asmoa dago».

Ane Bergara Artiedari ere zorionak eman dizkiote «bere ibilbide profesionalagatik eta Bera herriaren izen ona zabaltzeagatik, eta berak dioen bezala: Aupa Gure!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun