Eskola-jazarpenaren kontrako KiVa programa aurkeztuko du Berako Labiaga ikastolak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 16a, 07:10

Urtarrilaren 17an, astearte arratsaldeko 5:30ean Kultur Etxean

Bullying edo eskola-jazarpenaren aurka egiteko ikastetxean ezarri duten KiVa programaren aurkezpena eginen du Berako Labiaga ikastolak urtarrilaren 17an, astearte arratsaldeko 5:30ean Kultur Etxean edo Beralandetan, agertzen den jende kopuruaren arabera.

KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da. KiVa programa Finlandiako Hezkuntza Ministerioak finantzatu eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da, eskola-jazarpena murriztea xede duena. Frogatuta dago: KiVa-k eskolan jazarpena murrizten du eta ongizatea hobetzen du. Finlandian, Lehen Hezkuntzako ia eskola guztiak KiVa programa ezartzen ari dira. Euskal Herriko ikastoletan ere programa bera ezarri dute.

KiVa-ren ezarpena era aunitzetan nabari da eskolan. Ikasleek KiVa ikasgaiak izango dituzte (10 ikasgai dira, eta bakoitzak 45 minutuko bi saio ditu). Ikasgaietan eztabaidak, taldeko lana, eskola-jazarpenari buruzko film laburrak eta rol-jokoak sartzen dira. Gaiak, berriz, orokorrak –esaterako, errespetuaren garrantzia giza harremanetan– nahiz bullying-arekin lotutakoak dira, hala nola jazarpenaren mekanismoak eta ondorioak. Ikasgai askotan, jazarpenak bere horretan jarraitzean edo hura gelditzean taldeak jokatzen duen rola aztertzen da; ikasleek pentsatuko dute zer modu egon daitezkeen jazarpenari aurre egiteko, eta praktikatu egingo dituzte. Ikasgaien osagarri gisa, eskola-jazarpenaren aurkako KiVa ordenagailu-joko bat ere badago. Ikastolako korridoreetan KiVa posterrak egongo dira, programa etengabe nabarmen dagoela ziurtatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun