Beti Gazteko bi laukoteak txapeldun eta txapeldun orde izan dira Euskal Herriko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 19a, 10:43
Beti Gazte sokatira taldeak bi laukoak sartu ditu podiumeko koxka gorenetan, 300 kiloko kategorian. Argazkia: Txebi Arriaga

300 kiloko kategorian doblete historikoa lortu du Lesakako sokatira taldeak

Beti Gazteko sokatira taldeak doblete historikoa lortu du Euskal Herriko launakako sokatira txapelketan. 320 kilokoa irabazi ondotik, 300 kiloko finalean bi laukote sartu zituen finalean. Abenduaren 17an Kortezubin (Bizkaia) jokatu zen finala eta Beti Gazte Ak txapela janzteaz gain, Beti Gazte Bk bigarren postua eskuratu zuen.

 

Bizkaiako Murueta A taldeak osatu zuen podiuma, Gipuzkoako Ibarra A laugarren izan zen, Murueta B bosgarren eta Lapurdiko Ustaritzeko Gazteria seigarren izan zen.

Beti Gazte A taldearekin Karmelo Mitxelena, Lander Landiribar (Amaiur), Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna erakusle zutela.

Beti Gazte B taldearekin, Ander Mitxelena (Igantzi), Mikel Apeztegia, Alejo Sarobe eta Eneko Saldias aritu ziren, Beñardo Iantzi erakusle zutela.

Emakumezkoen 260 kiloko hirugarren eta hondar jardunaldia ere jokatu zen eta aitzinekoetan bezala Badaiotz nagusiru zen. Txantrea bigarren izan zen eta Ibarra hirugarren. Gibeletik sailkatu ziren Berriozar, Bizindar eta Ustaritzeko Gazteria.

Launakakoaren ondotik, Euskal Herriko zortzinakako txapelketan hasiko da Beti Gazte, animoz beterik. Lehenik, 680 kiloko kategorian hasiko dira urtarrilaren 14an eta gero bertze hiru kategorietan ere (640, 600 eta 560) taldea kantxaratuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun